Aimar Alustizak jaurtiko du gaur Legorretako jaien hasierako suziria
Pisu jaurtitzailea da legorretarra, 20 urtez azpiko Espainiako txapelduna. Pikua udaletxeko balkoian jarriko dute festek iraun bitartean. Bihar, Korrontzi musika taldeak kontzertua egingo du.
Legorretarrentzat egun handia da gaurkoa, Azentzio jaiak hasiko baitira, iluntzean, 18:30ean. Plaza bete herritar, Aimar Alustiza Lasa pisu jaurtitzaile gazteak egingo duen pregoiaren zain izango dira. Sei kiloko bola botatzen ohituta dago Alustiza, eta gaur, pregoia egitearekin batera, festen hasierako suziria bota beharko du. Ondoan izango du Odei Lopez entrenatzailea eta kultur zinegotzia.
«Pregoia botatzen duen Legorretako hirugarren pisu jaurtitzailea da», nabarmendu du Lopezek; Odei Lopezek eta Joseba Berasainek lan bera egina dute. Dena den, Alustizarentzat «sorpresa polita» izan da festa batzordearen proposamena, «gutxi batzuk bakarrik» izaten baitute aukera. Hala ere, aurreko lanak egin behar izan ditu Alustizak, eta aurreko pregoilariekin hitz egin, ez baitu inoiz festa hasierako ekitaldian egoterik izan, «entrenamenduengatik».
«Errekonozimendu bat da, ez Espainiako txapelketa irabazi duelako bakarrik. Egiten duen lanari da aitortza»
Odei Lopez. Alustizaren entrenatzailea eta zinegotzia
Pregoilari izendatzearen arrazoietako bat, martxoan lortu zuen 20 urtez azpiko Espainiako txapela izan da. Baina ez bakarra. «Errekonozimendu bat da, ez Espainiako txapelketa irabazi duelako bakarrik. Egiten duen lanari da aitortza», dio Lopezek.
Hiru urtez pisu jaurtiketan
Duela hiru urte hasi zen Alustiza pisu jaurtiketan, futbola utzita. «Odei aspalditik nebilkien atzetik». Kalabazak eman izan zizkion, eta azkenean, «duela hiru urte nik esan nion berarekin entrenatzen hasteko». Crossfitean Lopezekin hasi eta Lopezek baldintza bat jarri zion: behin bazen ere, pisua jaurtitzera joateko. Harrezkeroztik, elkarrekin dabiltza bi legorretarrak. «Nik ikusten dut etorkizun oso-oso on bat duen jaurtitzailea dela». Irakasle ona aukeratu du Alustizak, emaitzak dira lekuko, eta gogotsu dago legorretarra.
Uztailaren 27an eta 28an izango du jokoan pisu jaurtitzaileak udako Espainiako txapelketa, 6 kiloko bolarekin. «Datorren urtean, maila absolutuan ariko naiz, 7 kiloko bolarekin».
Festarako prest
Sorian (Espainia) Fisioterapia ikasketak egiten ari bada ere, egunotan herriko jaietan izango da Alustiza. Larunbata, mozorro eguna du jaietako egunik gogokoena. Lopezek, berriz, argi du: lehenengo eguna, asteazkena, herri afaria.
«Sorpresa polita izan da festa batzordearen proposamena, gutxi batzuk bakarrik izaten baitute aukera»
Aimar Alustiza. Pisu-jaurtitzailea eta 2024ko festen pregoilaria
Odei Lopezek bakarrik ez, datuek diote gaurko herri afaria gogoko dutela legorretarrek. 146 lagun daude izena emanda, horietatik 60 ikasleak. Ostiraleko herri bazkarian ere 182 lagun elkartuko dira Kale Nagusian jarriko diren mahaien bueltan (eguraldi txarrarekin, kiroldegian izango da).
Esku pilotako finalak
Azken orduko aldaketa bat bada jaietako egitarauan: festak hasi aurretik, haurren esku pilota txapelketako finalak jokatu dira gaur, 16:00etatik aurrera. Lehenengo finala 5. eta 6. mailako mutilen artean erabakiko da: Oroitz/Inhar-Xabier eta Oinatz-Martxel bikoteen artean. Jarraian, maila bereko neskek neurtuko dituzte indarrak: Nimra/Araitz-Mara eta Amaia/Ashley-Anjele.
Ondoren, 3. eta 4. mailakoen txanda izango da. Kasu horretan ere, bi final izango dira: batetik, Ugaitz-Luka eta Goritz-Anahitz bikoteen artekoa, eta bestetik June-Oihane eta Paule-Malen bikoteena.
Play backak eta mozorroak
Azentzio jaietako tradizio bilakatu diren play back saioak, ostiralean izango dira. 18:00etan haurrena eta helduena 23:30ean. Helduetan, hamalau taldek eman dute izena.
Larunbata ere, legorretarren egun kuttuna izaten da, mozorro eguna izaten baita eta irudimenerako aukera ematen baitute mozorroek. Aurtengorako aukeratu duten mozorroentzako gaia, Herrialdeak da.
Korrontziren kontzertua
Osteguneko egitaraua indartu nahi izan dute aurten, Korrontzi musika taldearen kontzertuarekin. Bihar danborradaren ondoren izango da Bizkaiko folk musika taldea.
Kulturarekin jarraituz, jaietako azken egunean, Pikuaren ehorzketaren aurretik, Trapu Zaharrak antzerki taldeak Eutsi Ramon! kale antzerkia eskainiko du, 18:30ean.