Hegazti habiagileen akuarela erakusketa, Anduetzan
Ramon Urain akuarelista donostiarraren bildumako lagin bat jarri dute ikusgai. Maiatzaren 30era arte egongo da zabalik erakusketa.
Euskal Herriko hegazti habiagileak izeneko akuarela erakusketa ikusgai dago maiatzaren 30era arte Zegamako Anduetza parketxean. Ramon Urain (1948, Donostia) akuarelistak 1981 eta 1990 urte artean sortutako bildumako lagin bat jarri dute ikusgai Anduetzan, «hegazti zale edo aukera zaleak direnentzako aukera paregabea».
Urainek Euskal Herrian bizi diren hegazti hauen alderdi morfologikoaz gain, «haien edertasuna eta dotoretasuna» zehaztasunez adierazi zuen bilduma honetan. Akuarela bakoitzak informazio fitxa bana du lagungarri, «habitata, banaketa, mehatxu eta kontserbazio egoera, sasoia, luzera, ikusteko zailtasun-maila, arrautza, habia mota eta kantua» daude ikusgai eta entzungai.
Izen bereko argitalpena
Urainek Jose Maria Faus ornitologoaren aholkularitzarekin ondu zuen 160 akuarelaz osatutako bilduma hau. Gerora, Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zion bilduma eta handik gutxira Eusko Jaurlaritzak bilduma honetan oinarritutako eta izenburu bera duen liburua argitaratu zuen.
Akuarela, duen zailtasunagatik, artista gutxik lantzen duten teknika da. Akuarelan konposizioa, marrazki ona eta kolore egokia hobesten dira, oro har.