Idiazabalen lerrokatuko du Gipuzkoa Bertsotanek lehen faseko azken txanpa
Bost saio geratzen dira aurreneko galbaherako. Idiazabalen bihar da saioa, Endika Igartzabal eta Mikel Iturriotz tartean.
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketak lehen kanporaketa faseko erdibidea gainditu du. Hamabi saiotatik zazpi jokatu dira, eta bihar Idiazabalen ekingo dio azkeneko txanpari. Aste honetako lau saioren ostean, datorren asteko Oñatikoa faltako da azkena.
Lehiaketarako izena emandako 74 bertsolarien artetik 48k egingo dute bigarren fasera: A eta B multzo bakoitzeko puntuazio altueneko lehenengo 23na eta horietatik kanpo hurrengo puntu gehien duten beste bi (multzo berekoak izan litezke) igaroko dira.
Idiazabalen, bihar 19:00etan hasiko da Guraso Elkartean saioa. Bi goierritar ariko dira: Endika Igartzabal gabiriarra eta Mikel Iturriotz urretxuarra. Seikotea osatuko dute Aner Peritzek, Eli Pagolak, Igauri Lopetegik eta Oier Etxeberriak.
Aizpea Garmendia lazkaotarrak jarriko ditu gaiak, eta epaile lanetan Estitxu Agirre, Ion Martinez, Mikel Urteaga, Oihana Aranguren eta Oier Iurramendi (idazkaria) jardungo dira.
Aste honetan bertan, Odei Lopez legorretarra Getariko saioan izango da, bihar. German Urteaga beasaindarrak, berriz, Anoetan kantatuko du, ostiralean.
Legorretan eta Zaldibian
Lehengo ostiralean, Legorretako Herri Antzokian B multzoko saioa egin zuten. Ane Zuazubiskar arrasatearrak irabazi zuen, orain arteko puntu kopuru handiena lortuta (361,5). Maialen Akizu urretxuarra bigarren geratu zen (331,5), Gorka Maiz gabiriarra laugarren (319,5).
Orion, ostiralean, Ane Beloki legazpiarrak bigarren (308) eta Aratz Igartzabal gabiriarrak hirugarren (306,5) egin zuten, Beñat Iguaranen atzetik.
Zaldibiako saioa, ostegunean, Aitor Salegik irabazi zuen (324).