Tomate denboraldia hasi da
Ohi bezala, Azkoititik ekarri ditu urteko lehen tomateak Jose Mari Uzinek, eta erosleak etengabe izan ditu postuan. Landare salmenta ere oso bizia izan da, eguraldi onaren iragarpenei ezker.
Feria bizi-bizia izan da gaurkoa Ordizian, eta bizitasuna produktu berrien iritsierak, landare erosleek eta bisitariek eman diote. Eguraldiak ere lagundu du, eta giro aparta izan da goiz osoan zehar Plaza Nagusian eta inguruetan.
Bisitariek artean, Tolosako Orixe institutuko DBH 3ko ikasleak izan dira, eta Estatu Batetako turista talde bat ere bai, Chicago, California eta Ohiokoak. Euskal Herria ezagutzera etorritakoak dira, Basque Destination agentziaren bidez.
Berritasunen artean tomatea izan da izarra. Azkoitiko Jose Mari Uzinek gaur hasi du denboraldia eta urteko bertako lehen tomateak jarri ditu salgai, baita saldu ere, bezeroak zain zituelako nonbait. Kurutzia baserriko negutegietako tomateak dira, lehenak, eta tamaina eta itxura oso onekoak. Kiloa 5,6 euroan jarri du.
Uzinek kuiatxo batzuk ere jarri ditu salgai, horiek ere inguruko lehenak, kiloa 2,5 euroan. Postua, bestalde, etxeko beste produktu batzuekin osatu du, zerba, uraza, baba eta tipulekin, hain zuzen.
Produktu berri bat gehiago ere iritsi da gaur, tipula gorria. Maria Jesus Oriak zuen, Itsasoko Estala-goikoa baserrian hazitakoa, eta kiloa 3 euroan jarri zuen salgai.
Neguko urritasuna amaituta, eskaintza zabaltzen joango da aurrerantzean Ordiziako ferian.
Arrosa gorriak eta goxoa
Baratzetik kanpoko produktu gehiago ere ikusi dira, eta horien artean arrosa gorriak zeuden, Aramako Zurutuza ahizpen postuan, sorta 5 euroan. Lore moztuak aipatu direnez, oraindik kala ugari dagoela ere esan behar da, 3 eta 5 euro artean sorta.
Bestetik, gozoen atalean ere izan dira berrikuntzak, eta Astigoxo postuko Susanne Klemmek goxua aurkeztu du, ontzi txikian esne gainarekin, ronekin bustitako bizkotxoarekin eta pastel kremarekin osatutakoa. Gainean azukrea bota eta bertan erretzen jardun du gozogileak, inguruan usain ederra zabalduz. Goxo ontzi bakoitza 3,5 euroan jarri zuen salgai.
Perretxikoetan, berriz, hiru saltzaileen artean 150 ziza (15.40 euro artan kiloa), 60 kilo onddo (18-34 euro), eta 18 kilo ziza hori (18-34 euro) jarri dituzte salgai.
Landare salmenta handia
Landare salmenta postuetan ikusitako ilara luzeak ere aipatu behar dira. Eguraldi onaren iragarpenek bultzatuta, erosle ugari hurbildu da Ordiziara gaur barazki landare bila. Montesen postuko Patxi Izagirre eta Arantxa Iparragirre eta Iguategiren postuko Dimitri eta Lazkaoko Waqar Ahmed eta laguntzaileak geratu gabe ibili dira lanean goiz osoan zehar.
Berritasunak ere izan dira: piko piperra (0’20 euro), luzoker txikia (0,50 euro), erremolatxa (0,10 euro), eta zehar aldatutako tomatea (0,50 euro). Bestela, denetik dago dagoeneko. Tomatea, piperra eta urazak dira gehien saltzen dituztenak.
Paraguaioa eta melokotoia
Eta kanpoko produktuetan ere mugimendu bizia nabari da, hezurdun fruten garaia hasi delako. Aurretik brinoia eta albertxikoa zeuden salgai, aurreko astean lehen gereziak iritsi ziren, eta gaur, melokotoiak eta paraguaioak ikusi dira.