Victor Pereak irekiko du Legazpiko organo zikloa igandean
Hiru kontzertu izango dira guztira, maiatzeko igandeetan denak. Perearen ondoren, Monica Melcova eta Juan de la Rubia izango dira hurrengo kontzertugileak.
Legazpiko parrokiko Organo Zikloa igandean hasiko da, Victor Perea musikari madrildarraren kontzertuarekin. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera doan izango da, ohi bezala.
Aurtengoa hamargarren edizioa izango da, eta Ainhoa Enatarriagak antolatuta hiru kontzertu izango ditu: igande honetan, Victor Perea izango da organoa jotzen; hurrengo asteko igandean, hilaren 19an, Monica Melcova eslovakiarra, eta maiatzeko azken igandean, Juan de la Rubia (Castello, Espainia).
Victor Perea lehen kontzertu emailea Madrilgo Getaje herrian jaiotakoa da, eta bertan hasi zen musika ikasten piano eta gitarra espezialitateetan, eta, ondoren, organoko goi mailako titulua eskuratu zuen Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Donostian. Bertan, Esteban Landart, Karol Mossakowski, Monica Melcova eta Anne Landa irakasleekin trebatu zen. Espainiako hainbat elizatan jo du, baita Donostiako Hamabostaldia bezalako jaialditan ere. Madrilgo Santa Kruz parrokiako organista titularra da.
Organoa ikusteko aukera
Aurtengo musika zikloak pizgarri bat dauka, publikoak organoa barrutik nolakoa den ikusteko aukera izango duelako. Organoaren kaxa barruan dagoen mekanismoa ezkutatzen zituen egurrezko plakak kendu, eta metakrilatozkoak jarri dituzte, gardenak, eta horrela, musika tresna horren parte diren hauspoak, tutuak eta beste elementuak bistara geratu dira. Organoa jotzen ari direnean, hauspoak nola mugitzen diren ere ikusi daiteke.
Legazpiko organoa Amezua eta CIA enpresak egindakoa da, 1958 eta 1962 artean parrokian egindako obren garaian. Estilo erromantikokoa eta koruko bigarren pisuan kokatuta dago, aldareari begira. Aurretik zegoen organoaren tutuak, bi hauspo eta pistoiak ditu oraindik.
Ondare elementu garrantzitsu eta musika tresna interesgarri gisa dago katalogatuta Donostiako Elizbarrutiko Organo Ondare Zerrendan eta Euskal Herriko organo erromantikoen artean.