Andraitz klubeko hiru taldek hitzordu erabakigarriak dituzte asteburuan
Gipuzkoako txapelketak dituzte jokoan saskibaloi klubeko kadete neskek, kadete mutilek eta junior mutilek. Hurrengo astean haur mailako nesken txanda izango da.
Andraitz saskibaloi klubeko lau taldek hitzordu erabakigarriak dituzte asteburu honetan eta hurrengoan, bakoitzak dagokion kategoriako Gipuzkoako txapelketa dutelako jokoan. Lorpen handia da Legazpiko saskibaloi kluberako, are gehiago lau talde horiek eta bosgarren batek mailaz igo dutelako denboraldi honetan.
Asteburuan txapela irabazteko lehia izango dutenak kadete neskak, kadete mutilak eta junior mutilak dira. Bihar bi partida izango dira, biak Tolosako Usabal kiroldegian. 10:00etan, UZ Baleike-Andraitz neska kadeteek Gipuzkoako parte-hartze txapelketako finala jokatuko dute Tolosako Panelfinsa-Takeren kontra. 12:00etan, maila bereko finala jokatuko dute Matxet-Andraitz mutil kadeteek Hernanirekin. Igandean Andraitz mutil juniorrek izango dute parte hartzeko finala Donostiako Pressing Astakuak taldearekin, Bergaran, 12:00etan.
Laugarren finala hurrengo astean jokatuko du haur mailako Andraitz neska taldeak, Gipuzkoako zilar errendimendukoa.
Mailaz igotzea lortu duen bosgarren taldea seniorrena da.