Gorka Gomezek bizilagunen erretratuak jarriko ditu ikusgai Katilu tabernan
Hamar legazpiarri egindako argazkiekin erakusketa bat osatu du. Erretratatutakoak mozorrotuta agertzen dira irudietan. Lara Odriozolak idatzitako mikro-ipuinekin lagunduta doaz.
Gorka Gomez argazkilariak (Legazpi, 1996) proiektu berria du esku artean. Astelehenan Bizilagunak erakusketa jarriko du ikusgai Katilu tabernan, hainbat herritarri erretratua egin ondoren. Sare sozialen bidez zabaldu du lanaren aurrerapen bat, eta ikusmin galanta eragin du.
Izan ere, argazkiak bereziak dira, erretratatutako hamar legazpiarrak mozorrotuta daudelako. Gainera, irudi bakoitza mikro-ipuin batez lagunduta doa. Lara Odriozola da idazlea, eta horren aita Joakin erretratatutakoetako bat. Argazkiak koloretakoak dira, eta 40×60 zentimetrokoak.
Katilu aukeratu du Gomezek asko egoten delako hor, eta proiektua bertan jaio zelako, lehen argazkia Haritz Artzelus zerbitzariari erakutsi eta antzeko gehiago egitera animatu zuenean. Kultur Etxeko erakusketa aretoan eginda baino irismen handiagoa lortzea espero du Katilun. Hurrengo bi asteetan egongo da ikusgai erakusketa.
Hamar erretratu
Erretratuetako protagonistak herritar ezagunak dira guztiak. Joakin Odriozola Estatu Batuetako baserritarrez jantzita, Xabier Arrondo arabiarrez, Mariasun Alberdi moto gidariz, Patxi Otaegi errementariz, Idoia Uribetxeberria antzinako euskal emakumez, Jose Antonio Zeberio marinelez, Octavio Cirez cowboyz, Dani Uribe-Etxebarria margolariz eta Patxi Imaz xake jokalariz karakterizatu ditu, eta horrela jantzita atera dizkie argazkiak. Lara Odriozolak hamar mikro ipuin idatzi ditu, pertsonai bakoitzarentzat bana.
Hamargarren erretratua sekretua da, eta erakusketan hutsik agertuko da bere lekua, dagokion mikro ipuinaren ondoan. Lehiaketa bat planteatu nahi du horrela Gomezek, eta nor den asmatu beharko da. Irabazleari, estilo bereko erretratu bat egingo dio argazkilariak. Galdetegi bat ere egingo du, balizko bigarren erakusketarako zein legazpiar eta zein pertsonai erabakitzeko proposamenak eskatuz.
Argazkiak eta bideoak
Katiluko erakusketa Gorka Gomezek bakarka egiten duen hirugarrena da. Lehena gazte-gaztea zela egin zuen Joan Kruz ile apaindegian, eta bigarrena iazko ekainean Kultur Etxean. Argazki lehiaketetan eta rallyetan hainbat sari irabazitakoa da, gainera.
Ikus-entzunezkoen alorrean lan egiten du profesional gisa, eta argazkiez gain, bideoak ere egiten ditu. Azkenak, Euskadiko xake txapelketakoa eta Ilintiren Santikutzetakoa dira.