Aizkorri kaleko urbanizazioaren bigarren fasea diseinatzeko prozesua abiatu du udalak
Proiektua idazteko lizitazioa martxan jarri du, 50.578 euroko aurrekontuarekin.Txorroneako bidegurutzerako irtenbidea jaso beharko du lanak. Herritarren ekarpenak ere jasoko ditu.
Aizkorri kaleko urbanizazioen bigaren faseari ekingo dio udalak, eta lanei dagokien proiektua idazteko lizitazioa argitaratu da, 50.578 euroko aurrekontuarekin. Zehazki, Aizkorri kaleko 14. zenbakiaren ataritik GI-2630 foru errepidearen errotondarainoko zatian gauzatzeko proiektua da. «Kale horretatik legazpiar ugari igarotzen da egunero eta berrantolatu egin behar da, egungo eskakizun funtzionaletara egokitzeko», udal arduradunek zehaztu dutenez. Proiektua idazteko proposamenak ekainaren 5erako aurkeztu behar dira.
Proiektu horrek «Aizkorri kaleko espazio urbanizatu eta eraikiari balioa eman behar dio, hiri- eta paisaia-agertoki erakargarria sortuz, herrira bisitan datozenek jasotzen duten Legazpiko lehen irudia baita». Lan zehatz batzuk jaso beharko ditu, besteak beste mugikortasunerako irtenbide seguru bat Txorroneako bidegurutzean, mugikortasuna erraztea eta irisgarritasuna bermatzea eremu osoan, 20-26 zenbakiko eraikinaren desnibela kentzea edo tratatzea eta zaharkitutako hiri instalazioak ordezkatzea.
Proiektua idazteko prozesuan herritarrek ere parte hartuko dute, «diseinatuko den jarduketa aberastuko dutelako ekarpen horiek». Lanak faseka egingo dira, «kostuagatik, eta inguruan izango duten eragina gutxitzeagatik».