Azoka bereziak Beasaingo kaleak bete ditu
Animalia erakusketa eta denetariko produktuak erosteko aukera izan da. Bertso saioa izan da Bideluze plazan. Bideoa eta argazkiak albistean.
Jende ugari bildu da gaur goizean zehar Beasaingo erdigunean, Loinatz jaietako azoka bereziaren aitzakian. Denetariko produktuak erosi ahal izan da, eta askok ez dute aukerarik galdu. Zubimuzu plazako talo postuak izan du arrakasta gehien. Lanean hasi direnetik izan dira ilara luzeak. Gainontzean, “ezin kexatu” zioten salmenta postu desberdinetako saltzaileek. “Askok begiratu baino ez dute egiten, baina saldu ere, saltzen ari gara”, izan da batek eta bestek errepikatu dituzten hitzak. Gozoak, ogia, pateak, gazta, hestebeteak, arropak, apaingarriak, eta bestelako artikuluak topa zitezkeen salgaien artean.
Arana kalean berriz, azienda eta hegaztien erakusketa izan da. Behiak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta oiloak eta oilarrak izan dira ikusgai, inguruko baserritarren ekimenez.
Handik gertu, Bideluze plazan, bertso saioa izan da, Arrano Kulturak antolatuta. Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi izan dira bertsotan. Arratsaldean, 19:30ean hasita, bigarren saio bat egingo dute Loinazko san Martin plazan.