Bi argazkilariren lanak daude ikusgai Joan Kruz ile apaindegiko erakusketa berrian
'Mariak guapa egon nahi du' da erakusketaren izenburua, eta Mila Ruiz Pastor eta Maria Jesus Valiño Larrea argazkilarien lanak jasotzen ditu. Ekainaren amaierara arte ikusi daiteke.
Erakusketa berria dago ikusgai Legazpiko Joan Kruz ile apaindegian, eta ekainaren amaierara arte ikusi ahal izango da. Argazkiak dira oraingoan erakusketaren gaia, eta argazkien egileak, Mila Ruiz Pastor eta Maria Jesus Valiño Larrea.
Erakusketaren antolaketan Joan Kruz Fernandezi lagundu dion Gorka Salmeronek azaldu duenez, «ile apaindegirako apropos egindako lanak» dira ikusgai daudenak, eta «Logroñon bizi diren bi neskek elkarrekin egindako hamar argazki» dira. «Lan ironikoa, dibertigarria, aproposa eta polita» egin dutela nabarmendu du..
Mariak guapa egon nahi du izenburua jarri diote erakusketari bi argazkilariek. Erakusketarekin batera argitaratu duten postalean honela azaldu dute egileek argazkiekin transmititu nahi izan dutena: «Mariak edozein adin eta izaereko emakumeak irudikatzen ditu, eder egoteagatik bere bizitzako uneren batean itxura aldatzea erabaki dutenak. Jokabide horrek sortzen digun tristura umorez tratatzea merezi duela iruditzen zaigu: horregatik, bere eraldaketa estetikoaren urrats bakoitzaren zalantza eskaintzen dugu, keinu komiko bihurtuta».
Bi argazkilariek hainbat erakusketa egin dituzte aurretik, bakarka zein era kolektiboan. Valiño Larrea ingeniari informatikoa da formazioz, eta Ruiz Pastorrek ekonomia arloko unibertsitate ikasketak ditu. Biek argazkigintza ere ikasi dute.