Legorretako gaztetxearen aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea
Ostiralean 19:00etan jarri dute hitzordua, plazan.
Legorretako gaztetxeak sare sozialetan zabaldu duen oharrean jakinarazi duenez, “larunbat gauean, herriko festetako azken uneez gozatzen ari ginela, Legorretako gaztetxeak eraso bat jasan zuen. Afalordua baino lehen, herriko gazte batzuk gaztetxean bertan izan ziren. Irtetean, sarraila giltzaz itxi eta festara joan ziren”.
“Afalondoren, gaztetxean aurreikusita zeuden turnoak egiten hasteko asmotan, beste batzuk gerturatu eta gaztetxeko atea irekitzeko zailtasunekin topatu ziren: sarrailan zerbait sartu eta gainetik giltza sartzea oztopatzen zuen produktu bat isurita zegoela ohartu ziren. Berehala, asanbladako kideei jakinarazi eta bertara gerturatu ginen”.
“Ez dugu gaztetxearen, ez gazteriaren kontrako erasorik onartuko”. Hori dela eta, ostiralean, hilak 17, 19:00etan, plazan, erasoa salatzeko elkarretaratzea antolatu dute.