Santikutz jaien balorazioa egiteko bilera deitu du udalak
Herri Jaiak lan taldearen bilera izango da, baina nahi duten herritar guztiek parte hartu dezakete. Kultur Etxean izango da, gaur 18:00etan. Gobernu taldeak jaien balorazio positiboa egin du bere aldetik. Argazkiak ere ikusgai jarri dituzte udalaren webgunean.
Legazpiko Herri Jaiak lan taldeak bilera egingo du gaur 18:00etan, Kultur Etxean, ospatu berri diren Santikutz jaien balorazioa egiteko. Herritar guztiak gonbidatu ditu udalak parte hartzera. Balorazioarekin batera, hurrengo jaien antolaketarekin lanean ere hasiko dira, hau da, Agorreko Santikutz jaiekin.
Bitartean, udaleko gobernu taldeak kaleratu du bere balorazioa, eta “oso positiboa” dela adierazi du, batez ere herritarren parte hartzearen aldetik. Gainera, herriko elkarteek eta udal langileek egin duten lana eskertu du.
Gobernu taldearen balorazioa
Festak apirilaren 30eko txupinazoarekin hasi eta maiatzaren 5eko Mirandaola egunera arte ospatu dira, eta egun horietan “festa giroa agerian izan da txoko guztietan, eta programatutako jarduera guztietan handia izan da parte hartzea, eguraldiak horietako zenbaitetan lagundu ez badu ere”. Ekitaldi tradizionaletatik hasi eta aire zabaleko kontzertuetara arte, herritarrek “gogotsu” parte hartu dutela nabarmendu dute gobernu taldeko kideek.
Hain zuzen, parte hartzeari eman diote garrantzia, “bereziki herriko elkarteek antolatutako ekitaldietan jende asko bildu da, eta hori eskertzekoa da, haien lan eta dedikazio neketsua funtsezkoa baita jaiek arrakasta izan dezaten”.
Halaber, herritarren “jokabide eredugarria” azpimarratu dute, “jaiez arduraz eta errespetuz gozatu ahal izan dugu, ospakizun-giro seguru eta harmoniatsuan”.
Bestetik, “Santikutz jaiak antolatu eta gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izan den herriko elkarteek, boluntarioek eta laguntzaileek egindako lan nekaezina” ere aitortu eta eskertu dute, baita udal langileek egin duten lana ere, “haien profesionaltasuna eta prestutasuna funtsezkoak izan dira jaietako ekitaldi bakoitzaren funtzionamendu egokia bermatzeko, antolaketaren, logistikaren, segurtasunaren eta garbitasunaren ikuspegitik”.
Argazkiak ikusgai
Azken urteetan bezala, udalak hainbat argazkilari kontratatu ditu jaietako ekitaldietan argazkiak ateratzeko, eta lehenak ikusgai jarri dituzte dagoeneko udalaren www.legazpi.eus webgunean. Momentuz, lehen eguneko txupinazoaren, pregoiaren eta buruhandi eta erraldoi konpartsaren irudiak, eta maiatzaren 1eko udalbatza txikiaren aurkezpenarenak, Eidabe taldearen ikuskizunarenak eta haur eta gazteen danborradenak ikusi daitezke.