Altamirako auzo elkartea, elkargune bizigarria
Ordiziako Altamirako auzo-elkarteak ekintza ugari egiten ditu auzotarren arteko harremanak estutzeko eta auzora iritsi berriak direnen integrazioa errazteko. Bitartekari lana ere egiten du udalarekin.
Rakel Ibañez eta Raul Feliz, Altamari auzo elkarteko ordezkariak. Loinaz Agirre Altamira auzoa da auzo-elkartea duen Ordiziako auzo bakarra. 1976an sortua, oraindik ere indartsu dagoen elkartea da. Rakel Ibañezek eta Raul Felizek daramate ardura nagusia, baina ondoan dituzte auzotarrak, beti laguntzeko prest. Auzotarren arteko harremanak estutzeko eta bizilagun berriak integratzeko helburuarekin, ekitaldi ugari antolatzen dituzte.
Besteak beste, mahaiaren bueltako ekintzak. Hilero izaten dute auzotarrak elkartzeko aitzakiaren bat: «Maiatzean patatak errioxar erara, ekainean sardinak, uztailean festak, irailean paella jana, urrian txerria burruntzian eta azaroan gaztaina erreak», dio Raul Felizek. 400 bat lagun elkartzen dira otorduetan.
Maiatzaren 25ean patatak errioxar erara jateko elkartuko dira Altamirako plazan. Jateko bakarrik ez, prestatzeko eta mahaiak eta aulkiak jarri eta kentzeko ere elkartuko dira auzotarrak. Patatak errioxar erara prestatzeko adibidez, «150 kilo patata zuritu, eta 50 kilo txorizo, 15 kilo tipula, 10 kilo piper berde eta 10 kilo piper gorri txikitu behar izaten dira», dio otorduen errezetak buruan ondo baino hobeto gordeta dituen Felizek. «Jubilatuen laguntza izaten dugu patatak zuritzeko. Batzuk etxetik etortzen dira aiztoa eskuan dutela», gaineratu du Ibañezek.
Paella egiteko, paella-ontzi berezia egina dute, 2,5 metroko diametroduna. «800 lagunentzako paella egin daiteke. Zazpi lagunen artean muntatu behar izaten dugu. Muntatzea ere espektakulua da. Oso pisutsua da». Hori bai, egurrarekin egindako suarekin bakarrik erabil daiteke. «Arazorik gabe uzten dugu paellera ekintza solidarioetarako». Danbolinak ere eginak dauzkate eta burruntzia Emaneurrekoek uzten diete.
Harremanak estutu
Ibañezek eta Felizek argi daukate: «Auzorik biziena da. Altamirak duen giro hau, herriak ez dauka. Otorduak antolatzen ditugunean Altamirakoak bakarrik ez, herriko jende asko etortzen da, edo Altamirakoen seme-alabak». Auzo-elkarteak 155 bat bazkide ditu, eta urtean 10 euro ordaintzen dituzte hilean behingo planak finantzatzeko. «Urtero zenbaki berdineko loteria banatzen dugu bazkideen artean. Saskia ere zozkatzen dugu».
Integraziorako tresna
Auzotar berriak ezagutzeko eta integraziorako tresna ere bada auzo-elkartea. Kartelak adibidez, hiru hizkuntzatan jartzen dituzte: euskaraz, gaztelaniaz eta errumanieraz. «Errumaniar asko dago, meskitarekin ere harreman oso ona dugu… Meskitatik sardina eta gaztaina janetara etortzen dira. Atzerritar komunitate handiena Altamiran dago. Gero eta gehiago parte hartzen dute auzoko ekintzetan».
Eta beste funtzio bat ere badu auzo-elkarteak: udalarekin duen harreman zuzenari esker, auzoaren beharrak eta arazoak konpontzeko bitartekari lana egitea. «Oso harreman ona dugu».













