Bertso-pilota erakustaldia egingo dute ostiralean Olaberrian
Maialen Akizu urretxuar bertsolaria ariko da Mitxoletak taldearen botilero lanetan, tarteka bertsoak kantatuta. Aitor Mendiluzek egingo ditu Bitxiloreak taldearen entrenatzaile lanak.
Emakumezkoen pilota sustatzen duen Ados enpresak sortutako Udaberri Torneoko bertso-pilota txapelketa Olaberrian izango da, ostiralean. Hiruna pilotarik osaturiko bi talde lehiatuko dira, esku huska, eta pilotarien gidari eta animatzaile bertsolari banak beteko du botilero funtzioa.
Bertso pilota txapelketak sei jardunaldi eta finala izango ditu. Lehengo larunbatean hasi zen Donamarian (Nafarroa), eta Olaberrikoa bigarren jardunaldia izango du. Ostiralean, 18:30ean hasita, udal pilotalekuan da jaialdia. Sarrera 5 euro kobratuko dute; haurrek doan dute.
Sei pilotari eta bi bertsolari
Txapelketan, oro har, hiru pilotariko lau taldek parte hartuko dute. Olaberrian Mitxoletak taldea ariko da batetik; Iturriaga, Ruiz de Larramendi eta Mendiburu dira horko pilotariak. Bitxiloreak taldeak egingo die aurre, Zabala, Barrokal eta Etxebesterekin.
Maialen Akizu urretxuar bertsolaria ariko da Mitxoletak taldearen botilero lanetan, tarteka bertsoak kantatuta. Aitor Mendiluzek egingo ditu Bitxiloreak taldearen entrenatzaile lanak.
Lau eta erdiko eta binakako partida bana jokatuko dituzte. Bi puntu daude jokoan. Liga fasean talde guztiek denen aurka jokatuko dute. Puntu gehien duten bien artean ebatziko dute finala, Azpeitian ekainaren 8an.