Finalen Finalarekin saskibaloiaren hiriburu bihurtuko da Beasain
Errendimenduko ligako finalak hartuko ditu Beasaingo Antzizar kiroldegiak larunbatean. Emakumezkoen eta gizonezkoen, kadete, junior eta senior mailatako finalak jokatuko dira, 10:00etan hasita.
Saskibaloi Finalen Finalaren lekuko izango da Beasaingo Antzizar kiroldegia larunbatean. Bosgarren aldia da ekitaldi hau egiten dela. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren ekitaldi bat da, Beasaingo BKL saskibaloi taldearen laguntzarekin antolatu dena, eta Beasaingo Udalaren eta Talleres Mecanicos Arri S.COOP-en babesa izango duena. Kirol hitzorduaren inguruko xehetasunak emateko aurkezpenean izan ziren, erakunde desberdinetako ordezkariak.
Gipuzkoako saskibaloi txapelketako sei final jokatuko dira Beasainen, 10:00etan hasita, eta aurreko urteetan izandako «intentsitatea eta emozioa» nabarmendu zituen Ainhoa Ibarburu Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko ordezkariak. Beasaingo ekitaldian ere «aurreko edizioetan izan den giro ona eta emozioa» mantentzea da federazioaren desioa. Berak gogoratu bezala, «talde guztien helburua da, denboraldi osoko lanaren ondoren, final honetara iristea».
Eguneko karteldegia
Egun bakar batean jokatuko dira final denak; kadete, junior eta senior mailatakoak, bai emakumezkoenak, bai gizonezkoenak. Final bakoitzaren ondoren, trofeoak eta dominak banatuko dira. Parte hartuko duten taldeen artean goierritarrak ere izango dira. Ordiziak bi finaletarako sailkatzea lortu du.
Kadete mailako partida bat izango da lehenik. 10:00etan neskek jokatuko dute, Easo Basket Irulea eta Ordizia KE izango dira aurrez aurre.
Junior mailako neskena izango da hurrengoa. 12:00etan izango da, eta Pressing Askatuak A taldeak Ama Guadalupe Hondarribiaren aurka jokatuko du.
Kadete mailako mutilen finala 14:00etan hasiko da Easo Basket Comercial Azkue eta Atletico SN Adarraren artekoa.
Junior mailako mutilen finala jokatuko da ondoren, 16:00etan hasita. Ordizia Orbinox taldeak, Mondragon Unibertsitatea izango du aurrez aurre.
Senior mailako partidak izango dira azken biak. Neskena jokatuko da lehenik, 18:00etan hasita. Eguzkitza sagardotegia take eta CD Internacional taldeen artean jokatuko da. Mutilen artekoa, 20:00etan hasiko da. Yesilan Oiarso Lezoskt eta Atletico SN taldeek jokatuko dute.
Gainera, partida bakoitzaren atsedenaldietan lehiaketak egingo dira, Irizar enpresak babestuta. Ikusleen presentzia «zabala» izatea ere espero dute antolatzaileek.
Elkarlanari esker
Kirol ekitaldi antolakuntzan aritu diren eragile desberdinek nabarmendu dute «elkarlanari esker» izan dela posible, eta elkarri emandako babesa eskertu dute denek; bai federazioak, bai Udalak, bai BKLk, bai babesle diren Arrik eta Irizarrek.