Hiru goierritarrek Oñatin kantatuta etzi amaituko da Gipuzkoa Bertsotan-eko lehen fasea
Maddi eta June Aiestaran ahizpak eta Maide Garmendia ariko dira aurreneko faseko azken saioan. Idiazabalen Peritzek irabazi zuen ostegunean, eta Odei Lopez legorretarra nagusi Getarian.
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketa ari da lehenengo galbahea astintzen. Saio bakarra geratzen da lehen fasean, etzi Oñatin, eta B multzoko sailkapena zehaztea bakarrik geratzen da. Multzo bakoitzeko lehen 23 bertsolariek joko dute aurrera, eta puntuazio altuena atera duten beste bik –berdin dio multzo berekoak badira ere–. Lehengo astean, lau goierritarrek kantatu zuten, eta Idiazabalen jokatu zen saio bat.
Oraingoz, Goierriko hamar bertsolarik lortu dute bigarren fasera sailkatzea: bederatzi postuz, eta bat puntuz. Beste hiru geratzen dira oraindik debutatzeko, eta aukerarekin dira.
Idiazabalen Aner Peritz Euzkitze zarauztarrak irabazi zuen saioa, ostegunean, 332 punturekin. Mikel Iturriotz urretxuarra laugarren geratu zen, eta Endika Igartzabal gabiriarra 5. postuan, baina puntu kopuru polita lortuta. Eli Pagolak egin zuen bigarren (323 puntu), eta Oier Etxeberriak hirugarren (318,5).
Asteko laurak, aurrera
Hala, bai Iturriotz –postuz–, bai Igartzabal sailkatu dira. Igartzabal postuz ez –A multzoan 24. geratu da–, baina puntuazio altueneko bi bertsolarirentzat gordetako txartel bat irabazi du. Oraindik B multzoko azken saioa jokatzea falta bada ere, eta hango sei bertsolariak multzoko sailkapeneko lehen 23 postuetan geratuta ere, han segidakoek puntu gutxiago dituzte A multzoko 24.ak eta 25.ak baino.
Odei Lopez legorretarrak jo zuen aldaba, Getarian, osteguneko saioa irabazita (307). Ganbarako ariketetan nabarmendu zen, eta hango lanari esker aurreratu zituen puntutan Oier Aizpurua bigarrena (304) eta Urko Arregi hirugarrena (300).
Ostiralean, Anoetan, German Urteaga beasaindarrak egin zuen debuta. Bigarren izan zen saioan (304,5), Beñat Jauregi irabazlearen ondoren (311). Sailkatzea lortu du beasaindarrak ere.
Lehen fasea amaitzeko saio bakarra falta da, B multzokoa, etzi 19:00etan Oñatiko Santa Ana udal antzokian jokatuko dena. Lehiaketako orain arteko saio goierritarrena izango da, bailarako hiru bertsolarik kantatuko dutelako: Maddi eta June Aiestaran ahizpa beasaindarrek eta Maide Garmendia zaldibiarrak. Aimar Sorazu, Andoni Rekondo eta Lierni Rekondo dira beste bertsolariak.
B multzoan, sailkatzeko sabaia Jon Luzuriagaren 23. postuak mugatzen du: 288 puntu dauzka. Horiek baino gehiago biltzen dituzten bertsolariak bigarren fasera pasatuko dira.
GOIERRITAR SAILKATUAK
A multzoa
- 5. Eneko Araiztegi (Segura), 329,5
- 14.Mikel Iturriotz (Urretxu), 315,5
- 18. Ane Beloki (Legazpi), 308
- 19.Aratz Igartzabal (Gabiria), 306,5
- 24.Endika Igartzabal (Gabiria), 301,5 –puntuazioz sailkatua–
Kanporatuak:
26. Antton Fernandez (Urretxu, 299,5) eta 30. Mikel Etxezarreta (Olaberria, 296,5)
B multzoa
(behin-behineko postuak)
- 3.Maialen Akizu (Urretxu), 331,5
- 7.Gorka Maiz (Gabiria), 319,5
- 9.Uxue Fernandez (Urretxu), 313,5
- 12.Odei Lopez (Legorreta), 307
- 14.German Urteaga (Beasain), 304,5
Saioa oraindik kantatzeko:
June Aiestaran (Beasain), Maddi Aiestaran (Beasain) eta Maide Garmendia (Zaldibia)