Kale argiteria led sistemara aldatzeko lanak hasi dituzte Ezkion eta Itsason
Lanen hasierako azterketa lanak egiten hasita daude egun hauetan. Guztira, 173.130 euroko aurrekontua dute lanek. Herriko kale argiak eta industria guneetakoak aldatuko dituzte.
Energia kontsumoan aurrezteko eta argi kutsadura murrizteko helburuarekin kaleko argiteria led sistemara aldatzeko lanak hasi dituzte Ezkion eta Itsason. Aurrez egin beharreko azterlanak egiten dabiltza egunotan.
Bai Ezkion, nola Itsason dagoeneko kale argi batzuk led sistemara aldatuta badaude ere, «gehienak» aldatzeko daudela esan du Joseba Telleria Ezkioko alkateak. «Ezkion, kale argiteria guztiaren %40 aldatuta dago dagoeneko, baina %60 aldatzeko daukagu oraindik», zehaztu du. Berdintsua da egoera Itsason ere, herri kaskoan led sistemako kale argi batzuk jarrita dauden arren, gehienak aldatzeko daude oraindik. Herriguneetakoak eta auzoetakoak ez ezik, Anduaga eta Ojarbide industrialdeetakoak ere aldatuko dituzte, Telleriak azaldutakoaren arabera.
Lanak Radimer enpresak egingo ditu eta guztira 163.130,32 euroko aurrekontua izango dute. Gorka Sasietak zehaztutakoaren arabera, «horietatik 47.615,54 euro Itsasori dagozkionak dira». Lan hauek egiteko Europako funtsetako Dust 5000 delako diru laguntza jaso dute, «92.869,23 euro» guztira. Lanak hasita daude jada eta bi hilabeteren buruan amaituta egon beharko dute.
Kale-argien intentsitatea
Egin beharreko lanei dagokienez, luminarietako posteak mantendu egingo dituzte eta buruak aldatuko zaizkie. Konektoreak eta argi-koadroak ere aldatuko dituzte, eraginkorragoak izan daitezen. Intentsitate neurgailuak ere jarriko dituzte hainbatetan. Izan ere, Telleriak dio aldaketa ez dela soilik halogenoetatik ledera pasatzea izango «inbentario bat egin da aurretik eraginkortasun energetiko bat lortzeko. Argiztapena aldatzearekin batera, kontsumoa optimizatzea ere izan behar da helburua», gaineratu du.
Horretarako zenbait kale-argiren indarra jaitsiko da gaueko ordu batzuetan, «lehen ere badaukagu zenbait lekutan ezarrita eta esperientzia ona izan da, 23:00etatik goizaldeko 6:00etara kale-argien intentsitatea jaitsiko da». Kale argi berriek lurrera emango dute argia eta ez zerura, zaharrek bezala —gaur egungo araudiak hala agintzen du, argi-kutsadura ekiditeko—. Ondorioz, posible da zenbait lekutan kale argi gehiago jarri behar izatea.
Kendutako luminaria zaharrak bizilagunei eskainiko zaizkiela aurreratu du Sasietak, «baten batek baserrian edo baserri bideetan jarri nahiko balu», amaitu du.