Maila igoerako play off-etan Deusturen aurka jokatuko du Beasainek
Joaneko partida larunbatean jokatuko dute beasaindarrek, etxetik kanpo.
Beasain KEk Deustu mendean hartu zuen hirugarren federazioko liga erregularreko azkeneko partidan. 0-1 izan zen emaitza. Markel Barojak egin zuen gola, 54. minutuan.
Futbol gutxiko partida izan zen, aukera askorik gabekoa, bereziki lehen zatian. Bigarren zatian, Beasainek hartu zuen zelaiaren nagusitasuna, eta orduan iritsi zen gola. Urrutitik egindako jaurtiketa baten emaitza izan zen.
Horrekin, Beasaingo taldeak hirugarren postuan bukatu du liga eta play offetan izango duen aurkaria Deustu izango da, laugarren sailkatua izan dena.
Joan-etorriko kanporaketa izango da. Joanekoa, larunbatean jokatuko dute, Deustun, Etxezuri zelaian, 18:00etan hasita.
Itzulikoa, berriz, Loinatz zelaian jokatuko dute, hurrengo asteburuan. Kanporaketaren amaieran berdinketa balego, Beasainek hartuko luke aurrea, liga erregularreko sailkapenean, bien artean postu hobea lortu izanagatik.