Idiazabal Gazta kofradiaren 34. kapitulua, etzi
Maiatzaren 18a egun handia izango da Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarentzat, 34. kapitulua ospatuko baitute. 10:30ean D’Elikatuz zentroan harrera egingo die kofradiakideei eta gonbidatuei, hamaiketakoak eta gazten dastaketak lagunduta. 11:30ean, Oroith abesbatzaren saioa izango da eta 12:15ean, desfilea egingo dute udaletxeraino. Bertan, Adur Ezenarro alkateak egingo die harrera. Jarraian etorriko dira izendapenak.
Antonio Soto Hernandez eta Sandra Rudy Cobo izendatuko dituzte kofradiakide berriak. Beste zazpi lagun eta erakunde, berriz, ohorezko kofradiakideak izendatuko dituzte: Urdaneta ikastetxea bere 50. urteurrenagatik; Angel Linzoain Eugi, Iragi-Esteribarren (Nafarroa) Idiazabal gazta egiten duen artzaina; Mikel Lasa Beloki, Ordiziako azokako saltzailea; Elena Arzak Espina, sukaldaria; Salvador Arriola Barrenetxea, ekonomialaria eta Euskal-Mexikar diplomazialari ohia; Bittor Oroz Izagirre, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea. Merezimendu laguntzailea Joaquin Aldanondo eta kofradia babeslea Orkli izango dira. 14:00etan, Martinez jatetxean elkartuko dira bazkaltzeko.