Zaldibia-Altzo eta Beasain-Zestoa, Herriartekoaren hurrengo kanporaketak
Joaneko partidak bihar jokatuko dira bi herrietan; Beasaingo Antzizarren 18:45ean hasiko dira, eta Zaldibiako Restin 20:00etan.
Final hamaseirenetako kanporaketa airoso gainditu dute Beasainek eta Zaldibiak. Itzuliko jardunaldian ere nagusi izan zen Beasain, Tolosaren aurka, Beotibarren. Bi partida irabazita, orokorrean 4-2ko markagailuarekin jo du aurrera. Kadeteek 22-12 galdu arren, jubenilek (3-22) eta nagusiek (6-22) ez dute hutsik egin.
Asteburu honetan final zortzirenetako koskari ekingo diote esku huskakoan. Beasainek Zestoa hartuko du Antzizar kiroldegian, bihar 18:45ean. Zestoarrak orain hasiko dira lehian.
Zaldibia-Idiazabal derbia lehen jardunetik ebatzita bazegoen, bigarrenean ez dute partidarik jokatu ere egin. Idiazabalek kadeteen talderik ez zuen atera; erretiratutzat hartu du federazioak, eta 0-6 Zaldibia jo du kanporaketako garaile.
Zaldibiak Altzo hartuko du, bihar 20:00etan, Restin. Kadeteetan Suhar Mantzizidorrek eta Aetz Lopezek jokatuko dute (Lide Lopez eta Beñat Arrese ordezko), jubeniletan Aratz Aranburuk eta Jokin Mendizabalek, eta seniorretan Aitor Elizegik eta Alex Sukiak (Jon Mendizabal ordezkoa).
Zumarraga ere lehiara
Paleta gomazko modalitatean, final zortzirenen sartuko da Zumarragako taldea lehian. Zarautz du aurkari. Joaneko jaialdia igande goizean jokatuko du, Zarauzko Zinema pilotalekuan, 10:00etan hasita. Hiru partida jokatuko dituzte: banaka, binaka eta 7 koadroren barruan banaka.