Zaldibiako Saturdi auzoan festak ospatuko dituzte asteburuan, dataz aldatuta
Larunbatean eta igandean jarri dituzte ekitaldiak, iaz arte Pazko astelehenean egiten zen ospakizuna zabalduta. Herri bazkaria, herri kirol erakustaldia eta erromeria izango dira lehen egunean.
Saturdi auzoko festek aro berria hasiko dute. Iaz arte Pazko asteleheneko jaiarekin izan zen Txindokipeko talaia ederrera arrimatzeko aitzakia. Baina azken urteetan sumatutako gainbehera irauli nahian, eta Zaldibian herri mailan landu ondoren, San Isidro ondorengo asteburura aldatu dituzte. Iritsi da garaia, eta larunbatean eta igandean ospatuko dituzte aro berriko lehen festak Saturdin.
Lehen egun bakarrean biltzen zituzten ekitaldiak bi egunetara barreiatu dituzte. Osagai gehiago ere sartu dituzte. Auzotarren arteko bazkaria, bat. Goizane eraikineko Kixkurgune jatetxean izango da estreinako oturuntza, larunbat eguerdian.
Arratsalderako herri kirol ikuskizuna prestatu dute. Zaldibiako herritarrek osatutako bi talde osatu dituzte, eta euren arteko desafioa eskainiko dute. Irati Astondoa eta Karmele Gisasola herri kirolari entzutetsuak ariko dira taldeen kapitain.
Larunbat arratserako iragarri dute beste berritasun bat: Zatekeen erromeria taldeak alaituko du Saturdi.
Igandean segimena
Gailurrerantz mendi elkarteak bat egin du festarekin. Asteburuko mendi buelta hara egingo dute. Igandean 09:30ean abiatuko dira, plazatik. Saturdin bazkalduko dute norberak eramana, eta oinez jaitsiko dira.
Mezaren ordezko ekitaldia, hamaiketakoa, dantzariak, ume jolasak eta toka daude ondoren.
Larunbata
- 14:00. Bazkaria, Kixkurgunen.
- 17:30. Herri kirolak, Saturdiko baselizaren aurrean.
- 19:00. Zatekeen musika taldea.
Igandea
- 09:30. Ibilaldia, Zaldibiatik.
- 10:00. Hitzaren ospakizuna.
- 11:00. Hamaiketakoa.
- Ondoren. Iztueta dantza taldea, haur jolasak, toka txapelketa.