Domingo Agirre eskolak 1.500 euroko txekea entregatu dio Aspanogiri
Apirilaren 19an elkartasun azoka gozoa egin zuen eskolako komunitateak, minbizia duten haurren familiak biltzen dituen elkartearentzako dirua jasotzeko.
Legazpiko Domingo Agirre eskola publikoko komunitateak 1.500 euroko txekea eman dio minbizia duten Gipuzkoako haurren familiak biltzen dituen Aspanogi elkarteari. Joan den apirilaren 19an, eskolako Elkarbizitza batzordeak antolatuta, herriko plazan egin zuten elkartasun azokan bildutako dirua da, ikasleek eta haien familiek egindako gozoak saltzetik ateratakoa.
Gaur ekitaldi xume bat egin dute eskolan bertan jasotako diru hura Aspanogi elkarteko ordezkari Nekane Lekuonari emateko. “Ekintza xume bat antolatu dugu eta familiak, ikasleak, irakasleak, Aspanogiko kideak… gonbidatu ditugu parte hartzeko”, azaldu dute Elkarbizitza batzordeko ordezkariek.