Errugbiko Euskal Ligako finalak jokatuko dira Altamiran hilaren 25ean
Maiatzaren 25ean Ordizian, Altamira estadioan, euskal errugbiaren festa izango da. 10:00etatik aurrera, maila guztietako finalak jokatuko dira.
Ordizia Rugby elkarteak Euskal Federazioarekin batera errugbiaren festa handia antolatu du datorren larunbatean, maiatzaren 25ean, Altamiran. Euskal Ligako finalak jokatuko dira, mailaz maila. Finalak jokatuko dituzten taldeak asteburuan erabakiko dira. Ordiziako taldeen kasuan, neskek daukate finala jokatzeko aukera, igandean, Gasteizen irabazten badute.
Egun osoko egitaraua
10:00etan 16 urtez azpiko finalarekin hasiko da jardunaldia, eta ondoren, 11:40ean, 18 urtez azpikoena. 13:20ean, senior taldeen txanda izango da, gizonezkoen finalarekin, eta jarraian, 15:20etik aurrera, “emakumezkoen liga lehiatuaren final zirraragarria”.
Amaitzeko, kategoria inklusiboko partida bat izango dugu 17:00etatik aurrera. Amaieran, garaikurrak banatuko dira.
Euskal Federazioaren esanetan, “talde askok finaletara iristeko aukera dute, eta horrek adierazten digu klub guztietan lan handia egiten ari dela eta gure errugbiak osasun inbidiagarria duela”.