Txakurrek ere badute jolaserako parkea Legazpin
Udalak agility eremu bat egokitu du San Ignazio auzoan txakurrek kirola egin eta jolas daitezen. Txakur jabeak gustura daude parke horrekin, «zerbait desberdina» eskaintzen duelako.
Legazpiko txakurrak zortedunak dira, haurrek bezala, aisialdirako parke bat dutelako eskura, ariketak eta jolasak egiteko hainbat elementuz osatutakoa. Agility park deitzen denaren estilokoa da, eta San Ignazio auzoan dago, aldapa ondoko zelaian.
Agility parkeak kirol eta jolas zirkuitu bat eskaintzen die txakurrei, zubiak, tunelak, salto egiteko oztopoak eta beste elementu batzuekin osatutakoa. Txakurren osasun fisikoa eta mentala hobetzeko balio omen du, eta Legazpiko Udalak iazko aurrekontuetan jaso zuen herrian bat egiteko partida, txakur jabeek antzeko eremu baten premia azaldu eta gero. Legazpin bazeuden aurretik txakurrentzako parkeak, eta San Ignaziokoa aukeratu zuten, gehien erabiltzen dena delako. Otsail erdialdetik dago irekita.
Txakur jabeak, gustura
Arratsalde euritsuak ez dira egokienak txakurrak San Ignazioko parkera eramateko, baina horrelakoa egokitu zen Jon eta Ekaitz Itzal, Xagu eta Julenen Latz txakurrekin hara joan zirenean. Parkeak txakurrei eskaintzen dizkien elementuen antzekoak «inguruan dauden mendietan badaude», zioten bi gazteek, baina «gertutasunagatik eta erosotasunagatik» noizean behin parkera joaten direla aitortu zuten.
Txakurrak gustura asko ibili ziren bertan gora eta behera korrika eta elkarrekin jolasean, «sozializatu dezaten ondo dago, beste txakurrekin egoten ohitu daitezen». Bestalde, eremua hesi batekin itxita dagoenez, «nahiko segurua da, txakurrek ez dute ihesik egiten». Eta «dibertsio puntu bat» ere ba omen du txakurrak txirristan, tunelean edo zubi gainean ibiltzen erakustea, nahiz eta batzuetan «tematu» egiten diren, eta «agindutakoa betearaztea oso zaila» izaten den. Hala ere, Jon eta Ekaitz «gustura» daude ekipamendu horrekin, «zerbait desberdina» eskaintzen dielako txakurrei.
Hainbat baldintza eta arau
San Ignazioko txakur parke berezi hau erabiltzeko hainbat baldintza eta arau bete behar dituzte bai abereek bai jabeek. Txakurrak erroldatuta egon behar dira, mikrotxipa izan eta puntaduna ez den lepokoa eraman. Ezingo dira sartu arreske dauden txakur emeak, ezta arriskutsuak izan daitezkeenak ere, parkean txakur gehiago badaude.
Jabeek uneoro egon behar dute txakurrak zaintzen, eta oldartu egiten direnean, gunetik atera beharko dituzte. Ezingo zaie jaten eman, eta kaka egiten badute jaso egin beharko dute eta dagokien ontzira bota.
Udalak, azkenik, jabeei gogorarazi die haien ardura dela gerta daitekeen edozein kalte, eta gune horretatik kanpo txakurrak lotuta joan behar direla.