'Energia Komunitateak: harreman sareak ehuntzen' topaketa antolatu du Udalbiltzak Legorretan
Saioa ekainaren 15ean izango da Legorretan, eta energia komunitateen arteko harremanak indartzea izango du helburu. Izena eman behar da.
Udalbiltza Partzuergoak Energia Komunitateak: harreman sareak ehuntzen” topaketa antolatuko du ekainaren 15ean, Legorretan. Topaketan helburuak ondorengoak dira: Energia komunitateen arteko sareak ehuntzea, proiektuen arteko elkar ezagutza sustatzea eta Euskal Herri mailako harreman sare bat eraikitzeko aukera aztertzea, dagoeneko abian dauden energia komunitateei euren garapenean laguntzeko bidean.
Udalbiltzaren esanetan, Legorretako saioa beste “mugarri bat” izango da iaz abiatu zuen ibilbidean. Izan ere, “2023ko martxoan Udalbiltzak Antzuolako energia foroa antolatu zuen, eta saio horietatik ateratako ondorioetako bat izan zen sare hau eraikitzeko beharrak identifikatzen hastea. Adituek esaten dutenaren arabera, energia komunitate batean zailena aurrera egitea da; horregatik, oztopo eta erronka potentzialei komunean erantzuteko helburuarekin eta elkarrengandik ikasi eta elkar indartzeko” helburuarekin antolatu ditu Legorretako topaketak.
Gainera, Udalbiltzak “norabidea eta barne-antolaketa aldatu ditu berriki”, lau oinarriren gainean eraikita: “Herri jasangarriak sustatzea da horietako bat. Bide horretan pausuak emateko asmoz, energiaren inguruko lanketan aritu da, eta ekainean izango da ikasitakoa elkarbanatzeko lehen parada. Ekainaren 15ean goiz osoan zehar izango da zer entzun eta esan Legorretan”.
Izena eman behar da, online bidez, galdetegia beteta.
Egitaraua
- 09:00. Herri Aretoan, Iñaki Agirre Legorretako alkatearen ongi etorriarekin. Ondoren, Itsasondoko Hitzar Energia Komunitateko Erkuden Mendizabalek hartuko du hitza, euren proiektua aurkezteko.
- 09:15. Abiapuntua: Nondik gatoz eta zein etorkizun eraiki nahi dugu elkarrekin? (Hizlaria: Haritz Alberdi, Udalbiltza Partzuergoko lehendakaria).
- 09:30. Zergatik saretu? (Hizlaria: Ernamuina taldeko Elena Herrarte).
- 09:40. Ipar Euskal Herria: Energia herritarren eskura. Zein da Ipar Euskal Herriko errealitatea? (Hizlaria I-Ener-eko Iban Lizarralde).
- 09:50. Nafarroako Energia Komunitateak, pauso bat haratago (Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko Txetxu Ezkurra.
- 10:15. Kataluniako eredua: SOM Comunitat Sarea. (Hizlariak: Som Energiako Marc Rosello, Goienerreko Larraitz Veintemillas, Garesko Energi Komunitatea).
- 10:45. Atsedena.
- 11:00-13:00. Goazen sarea eraikitzera talde dinamika, Artelan eta Arankoaren eskutik.
- 13:15. Amaierako hitzaldia. (Hizlaria, Enerkide proiektuko Aitor Urresti).
- 13:30. Topaketaren ondorioak eta itxiera.