Denera 41 segalarik eman dute izena, eta horietatik zazpi dira goierritarrak, denak Zaldibiakoak. Bidania-Goiatzen jokatuko da ligako hiru jardunaldietatik aurrenekoa.
Tolosaldeko Bidania-Goiatz herrian hasiko da igandean Almitza sega elkarteak antolatutako Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Liga, Arretxeko belardian, 11:30ean hasita.
Denera 41 segalarik eman dute izena aurtengo ligan eta honako kategorietan lehiatuko dira: Emakumezkoak (12 segalari), Gizonezkoak (14 segalari), Beteranoak (2 segalari) eta Gaztetxoak (13 segalari).
Izena eman dute segalari guztietatik zazpi dira goierritarrak, denak Zaldibiakoak. Emakumezkoetan Susana Lopez, Uxue Iruretagoiena, Maide Garmendia eta Garazi Urkiola ariko dira; gizonezkoetan Migel Mari Jauregi Altzo eta Josu Mendizabal; eta gaztetxoetan Izar Mendizabal.
Nazioarteko eran lehiatuko dira, zeinek belar-saila ahalik eta azkarren eta txukunen ebaki. Txukuntasuna denbora-zigorrez epaitzen da, mozteko behar izan den denborari zigor-denbora batzen zaio. Emakumezkoak 35 metro koadroko saila ebaki beharko dute, gizonezkoek 100 metro koadro eta beteranoek 50.
Ekainaren 30ean Legorretan bukatu
Ligaxkako bigarren jardunaldia Nafarroako Basaburuan jokatuko da ekainaren 8an, Udaben, eta hirugarrena eta azkena Legorretan, ekainaren 30ean.