Herritarrekin komunikazioa errazteko helburuz, webgunea berritu du udalak
Ormaiztegiko Udala App-a ere erabat berritu dute. Informazio panel berri bat jarri dute herrian. Informazio erabilgarriaz gain, udaletxean egin beharreko izapide guztiak egiteko aukera dago.
Ormaiztegiko Udalak herritarren eta udalaren arteko harremanak erraztu eta gardentasunean irabazteko komunikazio estrategia berri bat abiatu du. Udaleko web gunea berritu dute, baita Ormaiztegiko Udalaren App-a ere. Gainera, informazio panel berri bat ere jarri dute, udaletxe ondoko plazan. Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak garbi du zein den helburu nagusia: «herritarrentzako erabilgarria eta funtzionala izatea eta beharrezko informazio guztia eskura izatea».
Jada zaharkituta geratua zegoen web gunearen alderatuta, berria «erabiltzeko errazagoa» da eta eskaintzen duen informazioaren aldetik «osatuagoa». Berrikuntza lanak Factor Sistemas enpresa bizkaitarrak egin ditu eta «ia urtebete» iraun dituzte. Alkateak aitortu du «lan mardula» izan dela, baina emaitzarekin «oso gustura» daudela azpimarratu du.
Web gune berria sei atal nagusitan banatuta dago: Herria, Udala, Zerbitzuak, Izapideak, Berriak eta Agenda. Herriari buruzko informazio interesgarria eskaintzeaz gain, bertatik kudeatu daitezke gaur egun udaletxean egin daitezkeen izapide guztiak. Une honetan erabilgarri daude web gune berria eta App-a. Informazio panela ere %100ean dabil, «bertan agertuko da web gunera eta App-era igotako informazio guztia».
Kontzientziazioaz
Poliki-poliki paperezko tramiteak desagertuz joango direla eta herritarrei eskura dituzten bitarteko berri hauek erabiltzen hasteko gonbita luzatu die alkateak. Zailtasunak dituzten herritarrei, udaletxeko teknikarien laguntza ez zaie faltako.