Goierriko hiru harri jasotzaile marka pertsonalak gainditzen saiatuko dira
Xabier Aranburu ‘Guzta’, Gari Garmendia eta Xiker Larrea Aiako probalekuan izango dira larunbatean. Joseba Ostolaza Harri Eskolak antolatutako saioa da.
Joseba Ostolaza Harri Eskolako sei harri jasotzailek errekor saiakerak egingo dituzte larunbat honetan Aiako (Gipuzkoa) probalekuan, 18:00etan hasita. Hiru goierritarrak dira: Xabier Aranburu Guzta eta Gari Garmendia idiazabaldarrak eta Xiker Larrea, beasaindarra. Haiekin batera aterako dira plazara Aroa Sanchez, Udane Ostolaza eta Estefania Etxebeste.
Marka pertsonalak gainditzean datza larunbateko saioa. Guztak 237 kiloko errektangularra jasotzea izango du helburu. Jasoaldiaren bezperetan «urduri» dagoela aitortu du. Izan ere, ez du erronka makala larunbatekoa, 2016koa du aurreko marka ofiziala «225 kiloko harriarekin». Urduri baina «eguna iristeko gogoz» ere bada idiazabaldarra, «limiteko harria da, baina jasoaldi on bat egiteko modua izatea espero dut», esan du. Deskantsua du egun hauetako entrenamendu onena, «nola fisikoki zein mentalki deskantsatuta iristea garrantzitsua da. Beheraldi bat izan nuen, baina buelta ematen ari naiz», dio.
«Limiteko harria da, baina jasoaldi on bat egiteko modua izatea espero dut»
Xabier Aranburu ‘Guzta’. Harri-jasotzailea
Garmendiak, bere aldetik, errektangular zaharrarekin egin du erronka, 215 kilokoa altxatzea du egitekoa. «Harri modernoek, gaur egun gehien erabiltzen ditugunak, pisu gehiena goialdean izaten dute. Errektangular zaharra harri bloke bat da, bi heldulekurekin eta altxatzeko zailagoa», zehaztu du. Orain artean, errektangular modernoarekin gehien altxa den pisua 329 kilokoa da; errektangular zaharrarekin aldiz, 239 kilo.
Lehen aldia Larrearentzat
Garmendia ere eguna iristeko gogoz dago. Harri berarekin aurreko marka, 200 kilotan dauka, baina orain bi aste Adunan 208ko zilindro zaharra jaso zuen. Erabat «zentratuta» dago idiazabaldarra, «pasa den asteazkenean egin nuen azken entrenamendua. Ez dut aurreratuko zer moduz joan zen, baina gustura geratu nintzen», dio.
«Errektangular zaharra harri bloke bat da, bi heldulekurekin eta altxatzeko zailagoa»
Gari Garmendia. Harri jasotzailea
Xiker Larrea beasaindarrak errugbia utzi eta irailean heldu zion «serio antzean» harriari. 200 kiloko errektangularra jasota errekor pertsonala egitera doa larunbatean. Igandean, Beasaingo plazan jaso zuen orain arteko pisu handiena, 175 kilo. Epaileen aurrean harria altxatuko duen lehen aldia du. «Ea gorputzak nola erantzuten didan», dio. Orain arte egindako entrenamenduekin «gustura» dago, «ea plazako urduritasunak nola eragiten didan. Sekula ez dago jakiterik», dio.
«Ea plazako urduritasunak nola eragiten didan. Sekula ez dago jakiterik»
Xiker Larrea. Harri jasotzailea
Bestalde, Sanchezek historian kilo gehien jaso dituen emakumea izan nahi du 135 kiloko harri jasota. Ostolazak bere pisuaren bikoitza altxatzen duen lehen emakumezkoa izateko saiakera egingo du eta amaitzek, Etxebestek 100 kiloko zilindroarekin, Karmele Gisasolak 5 minututan duen marka 3tan egin nahi du.