Urolaren gizonezkoen lehen taldeak mailari eusteko jokatuko du larunbatean
Zuzendaritzak autobusa jarri du Debara joateko
Gipuzkoa mailako futbolaren elitean, Ohorezko Erregional Mailan, jarraitzeko partida erabakigarria jokatuko du Urolako gizonezkoen lehen taldeak larunbat honetan, Deban, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Amaikak Bat taldearen aurkako norgehiagoka denboraldiko azkena izango da, eta zaleen babesa eta bultzada ezinbestekoak izango dira. Horregatik, autobus zerbitzua jarriko du zuzendaritzak: 16:45ean aterako da, Elizkaletik. Izena emateko epea zabalik egongo da ostegun iluntzera arte, Argixaon. 5 euroko fidantza ordaindu beharko da, dirua larunbatean bertan itzuli egingo bada ere. Bizum bidez ere egin daiteke ordainketa, 650654808 zenbakian (autobusa+izen-abizenak jarrita).
Ohorezko Erregional Mailan 18 talde daude eta hiru gutxienez jaitsi egingo dira (Hirugarren Mailatik jaisten diren Gipuzkoako taldeen arabera eta Ohorezko Erregional Mailatik Hirugarren Mailara igotzen diren taldeen arabera, gehiago edo gutxiago jaitsi daitezke). Urolak hiru talde ditu azpitik. Sailkapenean hurrengoa Amaikak Bat da, hain zuzen ere. Urolak baino bi puntu gutxiago ditu. Hori dela eta, Urolak ezinbestekoa du ez galtzea. Eta irabaztea komeni zaio, noski, gainontzeko areriorek egiten dutenaren arabera, ahalik eta talde gehien azpian uzteko.
Igor Caballero entrenatzaileak irabaztera aterako direlan esan du. “Duela hiruzpalau aste zuloan sartu ginen, azpian zeuden taldeak irabazten hasi zirelako. Amaikak Bat taldeak derrigor irabazi beharra du eta, beraz, guk baino presio gehiago du”.
Denboraldi gogorra izan dela dio. “Iazko denboraldiaren ondoren, denboraldi honetan lasaiago ibiltzea espero genuen. Baina jokalari batzuk utzi egin zuten, beste batzuk lesionatu egin dira… Urolan ez dugu fitxaketarik egiten eta gazte mailakoak igo ditugu. Gainontzeko taldeek fitxaketak egin dituzte, baina gure politika herrikoekin jokatzea da. Normaltzat hartu dugu Ohorezko Erregional Mailan jokatzea, baina maila gogorra da. Dena den, jokalariekin oso gustura nago. Hilabete asko daramatzagu elkarrekin lanean eta familia bat gara”.
Herritarrei Debara joateko eskatu die. “Larunbatean jokatu genuen partidan Argixaoko harmaila bete egin zen eta oso polita izan zen harmaila horrela ikustea. Zaleak larunbatean Debara joatera animatu nahi ditut”.