Sormena eta elkarlana
Beasaingo Alkartasuna Lizeoan ‘Leihotik begira’ arte proiektua garatu dute ikasleek, Xabier Anuntzibai artistarekin batera. Horma-irudia, serigrafia tailerra eta erakusketa egin dituzte.
Sormena eta pentsamendu artistikoa, eta elkarlana sustatzeko helburuarekin abiatu zuten Leihotik begira proiektua Beasaingo Alkartasuna Lizeoan. Bi ikasturteetan zehar landu dute, Xabier Anuntzibai artista beasaindarrarekin, eta orain, burutu duten lana gizarteratu nahian, herriko beste ikastetxeei, Udalari eta komunikabideei ateak ireki dizkigute.
Bi ekintza ezberdinez osatu da egitasmoa: batetik, eskolako jolastokian horma-irudi erraldoi bat margotu dute, eta bestetik, serigrafia tailerra egin dute. Olaia Elortza Alkartasuna Lizeoko zuzendaria «oso pozik» dago proiektuak emandakoarekin. Gainontzeko ikastetxeak horrelako proiektuak garatzera animatu zituen, eta Udala, hauek babestera.
Hasieratik bukaerara
Arte ikasgelako praktika bezala baliatu dute, arte proiektu bat hasieratik bukaerara nola egiten den ezagutzeko aukera paregabea izan delarik. Horma-irudiaren diseinua artista beasaindarrak osatu zuen, «ikasle denei, ariketa edo errekurtso material ezberdinekin margotzeko aukera eman zaie», azaldu zuen Anuntzibaik. Izan ere, «denen proiektua izatea nahi genuen, ikasle denen parte hartzea bultzatzea», zehaztu zuen. Hala, «140 inguru ikasle» aritu dira, eta «denek» jarri dute euren aletxoa. Hamarreko taldetan aritu dira lanean.
Proiektuaren bigarren zatian, serigrafia tailerra martxan jarri zuten. Aurkezpenean, Auntzibaik berak eta ikasle askok ere, euren eskuekin diseinatu eta egindako kamisetak jantzita zituzten, egindako lanaren emaitza. Horma-irudian erabili dituzten elementu desberdinak estanpatu dituzte kamisetetan.
Erakusketa
Prozesua borobiltzeko, erakusketa osatu dute proiektuaren atal desberdinetan Garbiñe Irizarrek (Meet me in the North) egin dituen argazkiekin, eta serigrafia tailerrean erabili dituzten materialekin.