Elikagai bilketa egingo dute ostiralean eta larunbatean
Legazpin, Urretxun, Beasainen, Olaberrian, Ordizian eta Zegaman egingo dute Goierrin, Gipuzkoako Elikagai Bankuaren ekimenez. Boluntarioak ere beharko dira produktuak jaso eta antolatzeko.
Elikagai bilketa erraldoia egiteko deia egin du Gipuzkoako Elikagai Bankuak. Ostiralean eta larunbatean izango da, eta modu desberdinetan lagun daiteke ekimena. Batetik, beharrezko produktuak erosita eta saltokietako atarian izango diren boluntarioei emanda. Bestetik, norberak nahi duen diru kopuruarekin bonua erosita, ondoren, antolakuntzak beharrezko produktuak erosteko erabiliko dituztenak. Eta azkenik, boluntario bezala, izan ere, bilketa egiteko lanerako eskuak beharko dira.
Gipuzkoa mailako bilketa izango da eta herritar zaurgarrienei laguntzeko balioko du. Goierrin, Legazpin (Laubideko Eroski), Urretxun (BM eta Eroski), Beasainen (Senpereko BM, Eroski eta Carrefour Express), Olaberrian (Carrefour), Ordizian (Eroski) eta Zegaman (Eroski eta Coviran) egingo dituzte bilketak. Jasoko dituzten produktuen zerrenda, honakoa da: lekaleak, arroza, pasta, olioa, kontserbak, gailetak, esnea, konpresak eta haurrentzako produktuak (esnea, pardelak, zerealak,…).
Bilketa kanpaina bonuen bidez ere babes daiteke. Eroski, BM, Carrefour eta Superamara saltokietan izango da aukera hau. Erosketa egin eta ordaintzerako garaian erosi ahalko da Elikagai Bankuarentzat bonua, norberak nahi duen kopurua ordainduta.
Boluntario beharra
Ohi bezala, Nagusilaneko kideak laguntzeko prest agertu dira. Bilketa puntuetan egongo dira, herritarrek emandako produktuak jasotzen eta antolatzen. Patxi Plazaola Nagusilaneko kideak prentsaurrekoan azaldu duenez, «Beasaingo BKL saskibaloi taldea» ere laguntzen izango da. 30 kidek parte hartuko dute, eta «eskerrak» eman zizkien, «erakutsitako prestutasunagatik». «Caritaseko lagunei ere esker hitzak, hauek ere laguntzen izango ditugulako».
Dena den, esku gehiago ere beharko dira. «Gehien behar dutenengatik egin dezagun», animatu ditu herritar guztiak laguntzera.
Boluntario bezala parte hartzeko, 685 750 767 telefono zenbakira mezua bidali behar.
36.000 kilo janari
Gipuzkoako Elikagai Bankuko koordinatzailea Joxemari Beitia ere izan da gaur Beasaingo udaletxean egin den prentsaurrekoan. Horrelako kanpainen garrantzia nabarmendu du, hainbat datu gizarteratuz. 2023 urtean adibidez, «36.990 kilo produktu lehor eta ez-galkor» banatu ziren Beasainen. Udalak ematen du banaketarako laguntza ere. Produktu freskoak erosteko diru ekarpena egiten du.
Elikagai eta produktuen banaketaz, Gurutze Gorria arduratzen da. Ana Lasarte Gurutze Gorriko ordezkariak azaldu du, momentu honetan, «113 familiei» egiten zaiela banaketa Beasainen. «344 pertsona dira denera, eta horietatik 15, umeak dira, 0 eta 3 urte bitartekoak».
Gizarte zerbitzuen bidez
Gipuzkoako Elikagai Bankuaren laguntza jasotzeko, udaletxeetako gizarte zerbitzuetara jo behar da. Bertan egiten dute eskatzaileen balorazioa, eta horren arabera ematen da laguntza.
Gizarte zerbitzuek eskaera onartuta, hilabetean behin jasotzen da elikagai lotea. Hilabete bakoitzeko azken ostegunean egiten dute banaketa Beasaingo kasuan.
1997 urtetik
Gipuzkoako Elikagai Bankua 1997ko irailaren 22an eratu zen, eta Oiartzunen du egoitza soziala. 2011. urtean, apirilean, beharrezkotzat jo zuten bigarren egoitza bat irekitzea eta Bergaran ireki zuten. Goierrin egiten diren bilketetako produktuak bertatik kudeatzen dira. Elkarte apolitikoa, akonfesionala eta irabazi asmorik gabekoa da. Gaur gaurkoz, 180 boluntario eta egunean sei orduz kontratatuta dauden bost langile dituzte.