Emakume kopuruak gora egin du eta bostetik bat izango dira
Zegama-Aizkorri mendi maratoian, Kilometro bertikalean eta gazte mailako lasterketan ia mila korrikalari elkartuko dira. Urtetik urtera, emakumeen kopurua handiagoa da.
Sekula baino emakume gehiagok hartuko dute parte Zegama-Aizkorrin. Maratoia, kilometro bertikala eta gazte mailako lasterketa batuta, mila lagun lehiatuko dira, gutxi gorabehera; bada, berrehun emakumezkoak izango dira. Hau da, bost korrikalaritik bat.
Zehazki, mendi maratoian 533 korrikalarik baieztatu dute irteera marran izango direla. Horietatik 87 dira emakumeak. Kilometro Bertikalean, berriz, 271 korrikalari lehiatuko dira eta 52 izango dira emakumeak eta junior trailean, 143tik 38. Modalitate guztietan egin du gora emakumeen parte hartzeak: maratoian hamaika gehiago dira, kilometro bertikalean zazpi gehiago eta gazte mailan, hamalau gehiago.
Bost kontinenteetako korrikalariak izango dira Zegaman. Tartean egongo dira punta puntako korrikalariak. Baita ere goierritar ugari.
Maialen Arizkorreta Zegama-Aizkorriko komunikazio arduradunak aurreikusi du du zale «asko» joango dela Zegamara igandean. Hala, Arizkorretak «pazientzia» eskatu die bai herrigunera bai mendira joateko asmoa dutenei. «Zegamako Udalak eta Oñatiko Udalak jarriko dituzten autobusak erabiltzeko deia egiten dugu, eta boluntarioen esanei kasu egiteko», eskatu du.
Iker Zubeldia Zegamako alkateak ere aipamen berezia egin die boluntarioei. Esker oneko hitza izateaz gain, gazteei dei egin die. «Zegamako Udalaren erronka nagusietako bat boluntarioen kopurua bermatzea da. Hasieratik lagundu digutenetako asko erretiratu egin dira, eta belaunaldi berriei kosta egiten zaie lekukoa hartzea. Karrera hazten ari dela ikusita, ea inguruko jendearen konplizitatea berreskuratzen dugun, erakundetik erantzun ezin hobea eman ahal izateko».
Zubeldiarentzat eta bere gobernu-taldearentzat lehen Zegama-Aizkorri izango da, eta esan du «ilusio handia» dutela erronkari aurre egiteko eta bertatik ikasteko. Atzean dagoen lan-zama ere ez du ezkutatu: «Hau barrutik ikusi arte ez nuen uste horretarainokoa izango zenik».
Asteburu bete-betea
Etzi hasiko da mendiaren eta korrikalarien festa handia, Kilometro Bertikalaren hamargarren. edizioarekin, eta igandean izango du jarraipena, 23. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta hamahirugarren junior trail proba jokatuko baitira. Tartean, larunbatean, Top 10aren aurkezpena eta lasterketaren argibide-bilera izango da eskolako patioan (17:30).
Salomonen Golden Trail Serieetako hirugarren proba izango da mendi maratoia, eta mendi lasterketetako atleta onenak elkartuko du beste behin ere. Gazte mailako lasterketa ere Next Gen zirkuituko parte izango da eta kilometro bertikalak Euskal Herriko txapelketarekin bat egingo du. Euskal Herriko Koparako ere puntuagarria izango da.
Denera 947 mendi korrikalari parte hartuko dute aurtengo Zegama-Aizkorrin.
- 23. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. 533 korrikalari abiatuko dira, horietatik 87 emakumezkoak.
- X. Zegama-Aizkorri Kilometro bertikala. 271 korrikalari abiatuko dira, horietatik 52 emakumezkoak.
- XIII. Zegama-Aizkorri Junior traila. 143 korrikalari abiatuko dira, horietatik 38 emakumezkoak.