Hamahiru goierritar pasatu dira Gipuzkoa Bertsotanen bigarren fasera
Aurreneko fasea gainditu ez dutenak Mikel Etxezarreta olaberritarra eta Maide Garmendia zaldibiarra izan dira, beren debuteko lehiaketan. Bigarren faseko saioetako bat Ataunen jokatuko da, ekainaren 1ean.
Oñatin ostiralean Gipuzkoa Bertsotan lehiaketako lehen faseko azken saioa bukatu ondoren, zehaztuta geratu da bigarren itzulira igaro diren 48 bertsolarien zerrenda. Partaide ziren hamabost goierritarrek hamahiruk egin du aurrera, uste baino batek gehiagok. Izan ere, Antton Fernandez urretxuarra ere sailkatu da (A multzoan 26.a), multzo horretako Arnaitz Lasartek uko egin baitio parte hartzeari.
Aurreneko fasea gainditu ez dutenak Mikel Etxezarreta olaberritarra eta Maide Garmendia zaldibiarra izan dira, beren debuteko lehiaketan.
Oñatin, ostiralean, bosgarren geratu zen Garmendia (276,5 puntu). Aiestaran ahizpa beasaindarrek saio borobilak osatuta lortu zituzten txartelak. Maddi Aiestaran bigarren izan zen (326,5), Andoni Rekondo irabazlearen ondotik (346), eta June Aiestaran hirugarren geratu zen saioan, baina puntuazio altua aterata (319).
Zortzi saio jokatuko dira bigarren itzulian, bi multzo mantenduta. Hurrengo bi asteburuetan, bina saio daude zapatu-jaietan.
Goierritarren saioak
- Pasaia (Maiatzak 25, larunbata, 17:00). Antton Fernandez, German Urteaga, Gorka Maiz.
- Alegia (Maiatzak 26, igandea, 17:00). Ane Beloki, Endika Igartzabal.
- Usurbil (Maiatzak 26, igandea, 17:00). June Aiestaran, Odei Lopez.
- Ataun (Ekainak 1, larunbata, 17:00). Aratz Igartzabal, Mikel Iturriotz.
- Hernani (Ekainak 2, igandea, 17:00). Maddi Aiestaran, Maialen Akizu, Uxue Fernandez.
- Soraluze (Ekainak 2, igandea, 17:00). Eneko Araiztegi.