Kulturarteko lehen festa ospatuko dute Lazkaon ostiralean, integrazioa helburu
Herrian bizi diren jatorri ugaritako herritarren elkar ezagutza indartu nahi du. Gastronomian oinarrituko da topaketa, lau kultura erakutsita. Ostiral arratsaldean plazan izango da jaialdia.
Lazkaon 29 naziotasunetako bizilagunak bizi dira. Euren artean giza harremanen eta ezagutzaren zubiak eraikitzeko, Kulturarteko Jaialdia antolatu dute aurreneko aldiz San Benito ikastolak eta Lazkaoko Udalak. Ostiral arratsaldean izango da, plazan.
Bakoitzak berea erakutsiz eta besteena ezagutuz, kulturen arteko topaketa modura eta oinarrian gastronomia hartuta garatuko dute jaialdia, 17:00etatik 20:00etara. Lau kulturatako jan-edanak dastatu ahalko dira: Ekuador, Aljeria, Maroko eta Euskal Herrikoak.
Mexiko ere ordezkatuta egongo da, hango ikurretako bat den piñata mexikar jolasa izango baitute haurrek.
Integraziorako bideak
Lehenbiziko Kulturarteko Jaialdiaren helburua jatorri askotako lazkaotarren komunitateak elkarrengana eta bertako kulturara hurbilaraztea da. «Ekitaldiaren helburua Lazkaoko biztanleen arteko elkarbizitza eta integrazio kulturala sustatzea da, elkar ezagutzea eta partaidetza komunitarioa sustatuz, udalerriko bizitza kulturala aberastuz eta egoiliar berriak Lazkaoko gizartearen parte sentiarazten lagunduz», esan dute antolatzaileek.
Elkar-eraginerako, sukaldaritza ikastaroak antolatuko dituzte, baita azala tindatzeko henna teknikarena ere.
Maiatzak 24, ostirala
- 17:00-20:00. Ekuador, Aljeria, Maroko eta Euskal Herriko jakien eta edarien dastaketa.
- 17:00-20:00. Henna tailerra.
- 17:00-17:30. Piñata mexikarra.
- 17:30-18:30. Maroko eta Ekuadorko sukaldaritza ikastaroa.
- 18:30-19:30. Aljeriar eta euskal sukaldaritza tailerra.