Herri kirolak eta azoka aurten lehen aldiz, Zegama-Aizkorri girotzeko
'Katering' eta taberna zerbitzua ere eskainiko dute frontoian. Bertako artzain eta artisauen sei postu jarriko dituzte. Bihartik, trafikoan aldaketak izango dira.
Iritsi da eguna. Asteburu betea izango dute Zegaman, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren unibertsoan murgilduta. Kirolaz harago, lasterketak zegamarren bizimodua astintzen du hiru egunez —baita beste neurri batean aurretik eta ondoren ere—. Asko dira modu batera edo bestera antolaketa lanetan dabiltzan zegamarrak eta boluntarioak, ingurunearen xarma eta lasterketaren gogorrarekin batera, horrek egiten du hain zuzen, berezi Zegama-Aizkorri.
Kirol probez gaindi, aurten lehen aldiz, jai giroa ere eman nahi izan diote Zegama-Aizkorriri. Jende asko gerturatuko dela jakitun, hainbat ekintza antolatu dituzte Zegamako Udalak eta Zegama Aizkorriko antolakuntza taldeak, «kanpotik datozenei gure kulturaren zati bat erakusteko helburuz», Iker Zubeldia alkateak esan duenez.
Bihartik igandera, fan zone delako gune bat egongo da irekita Toki Alai pilotalekuan. Kirol probak zuzenean ikusteko eta aurreko edizioetako une gogoangarrienak gogoratzeko aukera emango duen pantaila erraldoi bat jarriko dute, batetik. Bestetik, «Txomin Parrilla TXP eta Iker Markinezen eskutik katering zerbitzua egongo da eta herritar batzuk taberna zerbitzua ere eskainiko dute», dio.
Larunbat arratsaldean, dortsalak banatuko dituzte parte hartzaile guztien artean 17:00etatik 19:00etara. 17:30ean Top 10aren eta lasterketaren aurkezpen ekitaldia izango da. Top 10 horietako 10 neska eta 9 mutil posterrak sinatzen egongo dira plazan.
Azoka eta herri kirolak
Lehenengo aldiz, bertako produktuen erakusketa eta salmenta izango da larunbatean, 18:00etatik aurrera «inguruko artzain eta artisauen sei postu izango dira». 19:00etan, sagardo eta gazta dastaketa izango dira frontoiko atarian eta 19:30ean herri kirol saioari hasiera emango diote.
Ugaitz Mugerza (Mutriku) eta Joseba Arakama zegamarra, Xabi Dorronsoro zeraindarraren eta Aratz Mugertzaren (Mutriku) aurka arituko dira aizkoran. Joxe Mari Esnaola herritarrak 5 metroko altueran enborra mozteko saiakera egingo du eta Garazi Ansak (Oiartzun) eta Olaia Esnaolak (Azpeitia) harri jasotze erakustaldia eskainiko dute.
Trafikoan eraginak
Trafikoari dagokionean, noski, aldaketak egongo dira. Bihar, ostirala 12:00etatik aurrera Apeaderora arteko bidea itxita egongo da eta 14:00etatik aurrera autobusa ez da herrigunera sartuko —farmazia parean egingo du geldialdia—. Igandean, Ugarte-Zelai kalea Otsaurtera norabidean soilik egongo da irekita. Otsaurteko gainean, Zegamara norabidean errepidea itxita egongo da 6:30etik 14:00etara, baimendutako ibilgailuentzat izan ezik. Trafikoa N-1etik bideratuko dute Zegamara.
Autobusa Intxausti poligonoan geratuko da. 7:00etatik 19:00etara herrigunetik Intxaustira joateko doako mikrobus zerbitzua egongo da, farmazia paretik irtenda. Trafikoaren inguruko zalantzak argitzeko 943 80 11 15era deitu daiteke.