KILOMETRO BERTIKALA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Zegama-Aizkorri X. Kilometro Bertikala ostiralean jokatuko da. Euskal KBen txapelketa izango da, eta Euskal Herriko Koparako puntuagarria. Estreinakoa dute proban Amaia Insausti olaberritarrak, Iosu Ureta legazpiarrak, Ione Cerezo zumarragarrak eta Gaizka Ormazabal zegamarrak.
Iaz, eguraldiaren baldintzak tarteko, Zegamako plazan kronometroak piztu eta Itzubiagaraino jokatu behar izan zen proba. Aurten, halakorik ez bada, ohiko formatuan egingo dute Zegama-Aizkorriko X. Kilometro Bertikala. Plazatik atera bai, baina azken hiru kilometroak dira erlojupean, Arriaunditik (505 metro) Iraulera (1520 m.).
Euskal Mendizale Federazioko Kilometro Bertikalen Txapelketa izango da aurten, eta Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Koparako puntuagarria. Edizio borobil honen atarian, lasterketa aurrean dituzten sentsazioak eta asmoak plazaratu dituzte lau debutarik, goierritarrak laurak.
AMAIA INSAUSTI (OLABERRIA-IDIAZABAL)
«Bertikal honek denetik dauka, baina bukaerako zatia oso teknikoa da»
Hogei urte eta gutxirekin Behobiak-eta prestatzen hasi eta urtetan errepidean korrika ibili ondoren, orain hamar urte estreinatu zen mendi lasterketa batean Amaia Insausti (Olaberria, 1971), Axari trailean. Gerora G2H ere egin zuen, ama ere izan da tarte horretan, eta iaz Kilometro bertikalen aldeko apustua egin zuen, Txindokin eta Beriainen. Zegaman ostiralekoa izango du lehen ahalegina.
«Goraka gustura sentitu nintzen, eta aurten Txindokin errepikatu egin dut, eta gero Zegaman probatuko dut. Txindokiko errazagoa egiten zait, bukaerako zatia behintzat. Zegamakoak denetik dauka, baina bukaera oso teknikoa da nire estilorako. Ahal dudana egingo dut».
Behin dortsala lortuta «disfrutatzera» doala argi du. «Giro oso ona egoten da Zegaman, maila handia, eta hori bizi nahi dut. Ez noa nire burua gehiegi presionatzera, gozatzera baizik». 53 urte ditu jada, eta kirolean jarraitzeko «motibazioa eta erronka berriak bilatzea» egiten zaio zailena. Eguraldi aldetik, «berorik ez, baina bustirik ere ez» du nahi olaberritarrak.
IOSU URETA (LEGAZPI)
«Parte hartzea eta sentsazio onekin bukatzea dira nire helburuak»
«Ez daukat inolako helbururik. Lehenengo aldia da parte hartzen dudala, eta gehienbat gozatzeko intentzioarekin noa». Iosu Ureta (Legazpi, 1985) iaz hasi zen mendi lasterketetan parte hartzen, eta Goierri Kopa Traileko hainbat probatan lehiatu da harrezkero, baina kilometro bertikalik ez du sekula egin.
Normalean lasterketa motzak egin izan ditu, baina «horren lasterketa potenterik» ez. «Txindokikoan parte hartu nahi nuen, baina inskripzio epea pasatu zitzaidan, eta plazak bete dira konturatzeko. Zegamarako zortea izan dut. Hasiera batean ez zitzaidan tokatu, baina gero baja batzuk egon zirela eta deitu egin zidaten».
Legazpi inguruko mendietan entrenatu ohi du, eta Aizkorri ezagutzen badu ere, bertikaleko ibilbidea ez. «Prestaketa aldetik azken hilabeteetan zerbait berezixeagoa egiten ari naiz, desnibel hori prestatzen. Bukaerako zatia tekniko samarra da, eta iristen garenerako nahiko nekatuta iritsiko gara, eta kontuz ibili beharko dugu».
Ibilbidea ordubete inguruan osa dezakeela uste du, baina lehen urtea izanda «presiorik gabe» doa. «Zegamako festan parte hartzea eta sentsazio onekin bukatzea dira helburuak».
IONE CEREZO (ZUMARRAGA)
«Bertikalak gogo handiz egiten ditut, eta Zegaman izanda, are gehiago»
Tolosako Alpino Uzturre taldearen mendi lasterketetan lehiatzen dabil aurten Ione Cerezo (Zumarraga, 1989). Enkarterrietako proban parte hartu du, Kanpezun ere bai, besteak beste, eta T3Tn lehiatzekoa ere bada ekainean. Ostiralean Zegamako Kilometro Bertikalean parte hartuko du lehen aldiz.
«Kilometro Bertikalak egin izan ditut lehen ere, eta gustatzen zaidan modalitate bat da, baina Zegamakoa aurreneko aldiz egingo dut. Sortzen den giroa bizitzearren eman nuen izena, maratoian parte hartzeko aukera gutxi baitago», zehaztu du.
Zumarragakoak ez dio bere buruari erronka berezirik jarri, baina «gogotsu» dagoela dio. «Kilometro Bertikalak gogo handiarekin egin izan ohi ditut, eta Zegaman izanda, are gehiago». Bitan ibili da bertikaleko parajeetan, baina goraino ez da igo oraingoz, eguraldiarengatik. «Proba gogorra da. Bukaera teknikoa da, baina hasierako zatian ere harri handi asko dago, eta horrek gogortu egiten du proba».
GAIZKA ORMAZABAL (ZEGAMA)
«Aurrez maratoia 11 aldiz egin dut, eta proba egiteko eman dut izena»
Apirilaren 28az geroztik etxetik kanpo dabil Gaizka Ormazabal (Zegama, 1980). Azken hiru asteak Nepalen pasatuta –trekking bat egiten eta sei mila metroko mendi bat igotzen–, gaur da etxera iristekoa. Handik erantzun ditu galderak. «Aukera sortu zen, etxeko eta laneko baimenak lortu, eta etortzera animatu nintzen. «Everest eta Lhotse bezalako mendiak gertutik ikustea gauza handia da».
Kanpoan ibiliko zela jakin zuenez, Kilometro Bertikalean izena ematea erabaki du aurten. «Aurrez maratoia 11 aldiz egina daukat, eta proba egiteagatik apuntatu naiz. Badakit leher eginda iritsiko naizela, eta egun gutxi dauzkat errekuperatzeko. Eta ea zer moduz moldatzen naizen. Bertikala zer den jakiteko asmotan noa, batere erreferentziarik gabe».
Nepal aldean, «nahikoa hotz» pasatu dutela –bereziki gauez–, eta ostiralean «epeltasun pixka bat» eskertuko lukeela dio. «Lehen berdin zitzaidan, baina giro epela egitea nahiago dut orain».