Korrikalari kopuruan marka jarriko dute larunbatean Zaldibiako mendi karrerek
Guztira 370 lasterkarik parte hartuko dute Zaldibiako lasterketa luzean eta motzean, kanpotarrak asko. Ohikoez gain, sari berria ipini dute Olakosaitik Gaztelura azkarren igotzen direnentzat.
Zaldibian larunbatean jokatuko da V. Mendi Lasterketa. Ohi bezala, bi ibilbide izango ditu, Gaztelun eta Aralarreko parke naturaleko gainetan zehar: luzea 28 kilometrorekin eta 1.950 metroko desnibelarekin; eta laburragoa 15 kilometro eta 1.000 metroko desnibelarekin. Goierriko Koparako puntuagarriak dira. 09:00etan hasiko da karrera luzea, eta 09:30ean motza.
Inoizko partaidetzarik jendetsuena izango du Zaldibiako Mendi Lasterketak. Guztira, bi probetan 370 lagun daude izena emanda. Itxita dago inskripzioa. Dortsalak goizean banatuko dizkiete, 07:00etatik 08:30era.
Motzean 215 lagun irtengo dira, eta luzean 155. Bietan ere, sekula baino gehiago. Emakume kopurua, denera 46 da.
«Apustua egin genuen datarekin, Zegama-Aizkorriren bezperan jarrita. Ikuskizun zegoen arrakasta izango zuen ala kenduko ote zigun», esan du antolakuntza taldeko Ibai Belokik. Garbi dago emaitza: partaidetza errekorra. Zegamaren grabitate-erakarmenak eragina izan du Zaldibian ere.
Hala, kanpoko korrikalari asko irtengo da Zaldibian. «Bartzelonatik, adibidez, 20 datoz; Gironatik 3, Errioxa, Madril, Salamancatik… Biharamunean Zegaman aterako dira asko. Gipuzkoar asko ere izena emanda daude. Larunbata propio jarri genuen, gero jaian hara joateko».
Berritasunak ere badira
Haurren korrikaldia lehenengo aldiz antolatu dute. Herrian bertan izango dute zirkuitua. 09:45ean, plazan hasiko dira.
Beste berritasun bat, azpi-lehiaketei dagokiena da. Olakosaitik Gaztelu puntara azkarren igotzen diren gizonezko eta emakumezko korrikalariek sari bana jasoko dute, Kixkurgunen otordua. Bai luzekoak, bai motzekoak sartuko dira, bide bera baitute denek hasiera-partean.
Arrautzaren proba ere badago: plazatik Gaztelu gainera eskuan hautsi gabe igotzen dutenen artean zozketa egingo dute. Oparitzat, Euskaberrek urte guztirako arrautzak emango dizkio.
Bazkaltzeko paella erraldoia prestatuko dute, boluntarioentzat eta korrikalarientzat. Boluntarioak urtero bezala laguntzeko pronto agertu dira, eta esker ona eman diete antolatzaileek. 60 bat laguntzaile ariko dira; «denen beharra dago».
Zirkulazioan mozketak izango dira. Santa Fe, Artxanberri eta Arruegi hasiera itxiko dute ibilgailuentzat 08:45etik 09:45era; Egileor auzoa (Txamarretxe) eta plaza parea (21-45) ere bai (08:30-15:00). Autobusak Arreseneko geltokira joango dira.
Trail distantzia luzea
- Hasiera. 09:00.
- Luzera. 28 km, 1.950 m+
- Ibilbidea. Plaza, Olakosai, Ausa Gaztelu (901m), Alotza, Ganbo Txiki (1.377), Ganbo (1.412), Uarrain (1.344), Oiduegi, Errekonta, Olakosai, plaza. Sei anoa + helm.
- Korrikalariak. 155.
Esprint motza
- Hasiera. 09:30.
- Luzera. 15 km, 1.000 m+
- Ibilbidea. Plaza, Olakosai, Ausa Gaztelu (901m), Errekonta, Olakosai, plaza. Hiru anoa + helm.
- Korrikalariak. 215