«Kilometro bertikal gutxi lehiatu ditut eta ez dakit nola iritsiko naizen»
Naiara Irigoienek (Burlata, Nafarroa, 1995) maratoiari eman dio lehentasuna aurten. Halere, Zegamako Kilometro Bertikaleko txapela defendatzen saiatuko da, azken egunetan prestaketa lanak findu ostean.
Inork gutxik menperatzen du kilometro bertikalen modalitatea Naiara Irigoien nafarrak baino hobeto. Egungo Europako txapelduna da, kasu. Bertara joateko txartela, gainera, Goierrin bertan lortu zuen, 2023. urteko Txindokiko Kilometro bertikala irabazi zuelako. Iazko Zegama Aizkorriko kilometro bertikala ere irabazi zuen.
Egungo txapelduna izateak presioa gehitu dizu?
Iaz egindakoak aurten ez du ezertarako balio, eta alde horretatik, lasai noa. Halere, aukeran, nahiago dut ezkutuan joan, faboritoen etiketarik gabe. Iaz horrela izan zen eta ondo joan zitzaidan.
Zer helburu duzu aurten?
Aurten kilometro bertikal gutxi lehiatu ditut eta ez dakit nola iritsiko naizen. Txindokiko Kilometro Bertikala izango da denboraldiko lehen proba modalitate honetan eta ikusiko dut non egon naitekeen [elkarrizketa maiatzaren 10ean egin zen, txindokiko Kilometro Bertikala lehiatu baino astebete lehenago]. Jaitsi beharreko denbora mugarik ez diot jarri nire buruari, adibidez.
«Kilometro bertikalen modalitatea gutxietsi egiten dela uste dut, orokorrean»
Maratoian ere parte hartuko duzu. Nola baldintzatzen du horrek kilometro bertikala?
Iaz ere maratoian hartu nuen parte, baina dortsala azken unean lortu nuenez lehentasuna kilometro bertikalari eman nion. Aurten, ez. Trail modalitateari eman diot garrantzia handiagoa aurten, hasieratik banekielako maratoian lehiatuko nintzela. Trailari begirako entrenamenduak egin ditut eta lehiatu ere hala egin naiz. Golden Trail Serieseko lehen bi probetan ere parte hartu dut, Asian. Kilometro bertikalik ez dut egin eta lasaiago prestatu dut Zegamakoa.
Zegamako maratoiak horrenbesteko sona du, kilometro bertikala itzalean uzten duela? Merezi duen garrantzia ematen zaio modalitate honi?
Kilometro bertikalen modalitatea gutxietsi egiten dela uste dut. Baina ez soilik Zegaman, orokorrean hitz egiten ari naiz.
Zer hobetuko zenuke?
Lasterketen zabalkundeari garrantzi handiagoa eman behar diogula uste dut. Geroz eta ohikoagoa da lasterketak zuzenean jarraitzeko aukera izatea, baina oraindik zer hobetua badagoela uste dut. Lasterketak ikusteko aukera baldin badago, zaletu gehiago izango ditugu, markentzako interesgarriagoak izango gara…
«Aukeran, nahiago dut ezkutuan joan, faboritoen etiketarik gabe»
Zer iritzi duzu Zegamako Kilometro Bertikalari buruz?
Zegamako Kilometro Bertikala berezia da, asko gustatzen zait. Txapel gehiago ere baditut, baina iaz lortutakoa ondo gordeta daukat. Lasterketaren onena, dudarik gabe, herriak egiten duen ahalegin izugarria da.
Nola ospatu zenuen iazko garaipena?
Ezin izan nuen askorik ospatu, igandean maratoian ere irten nintzelako.
Penarik geratu zitzaizun?
Ezin izan genuela lasterketa osorik egin, eguraldi txarragatik. Hori bakarrik. Aurtengorako eguraldi hobea eskatzen dut, besterik ez, proba osorik egin ahal izateko, oso polita da-eta.
«Aurtengorako eguraldi hobea eskatzen dut, besterik ez»
Lasterketatik aparte, izan zara inoiz Zegaman?
Aste Santuan izan nintzen, entrenatzen. Egia esan, nahi baino gutxiago joaten naiz. Etxetik ordubetera daukat Zegama, baina askotan zaila izaten da ordubete hori ateratzea edo nahiago dut denbora hori entrenatzen eman.
Nola uztartzen dituzu lana eta mendi lasterketak?
Ingeniaria naiz ogibidez, energia alorreko enpresa batean. Lanaldi osoan nago eta batzuetan asteburuetan edo gauetan ere egiten dut lan. Horrek asko mugatzen nau. Bereziki, atseden hartzeko denborarik gabe ibiltzen naiz, eta ondo errekuperatzea ere garrantzitsua da.