Zaldibian hasi zen dena
Zaldibia herrian hasi zen dena, bai. Herriko ikastetxe bakarrean ‘Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’ egitasmoa jarri zuten abian, gero herri osora hedatuko zena. Tarte txikian beste hemeretzi herritara zabaldu da proiektua.
Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako zuzendaria da. Herrian egitasmoa martxan jarri zutenetik, hainbat aldiz, herrian bertan, eta herritik kanpo, azaldu du haiek nondik abiatu ziren. “Erronka edo korapiloa” zeukaten ikastetxean, arnasgunea den herrian euskarari eutsi nahi zioten, eta era berean, euskaraz ez zekiten familiak eskolan parte hartzea nahi zuten. “Parte hartzeko garaian euskara oztopoa edo korapiloa zen”. Nola uztartu daitezke biak?
Karmele Perez eta Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak dira eta proiektuan buru-belarri ari dira lanean. Amundarainen moduan, Perezek askotan azaldu du proiektuaren ardatza ikastetxeetan eta herrietan. Zaldibiarako eta gainerako ikastetxe guztietarako landutako helburuak zehatz zerrendatu ohi ditu HUHEZIko irakasleak: euskaraz bizitzea (oraindik erronka da); familia guztiekin komunikazio eta giro abegikorra bermatzea, baita euskaraz ez dakitenekin ere; eta euskararen eremutik eta euskalduntasunetik kulturarteko harremanak sustatzea. Beste jatorriko jendearen parte-hartzea ere sustatzea.
Egitasmoan dauden herrietan eta ikastetxeetan, ekiten diotenean, hau da, ekintzak pentsatu eta gauzatzen dituztenean, hiru helburu horiek lortzeko egiten dira. Abiapuntua edo oinarria ezarrita daukate eta hortik aurrera, proiektua bera izan arren, ikastetxez ikastetxe eta herriz herri ekintzak bakoitzak berera moldatzen ditu. Urteotan probatu eta balio izan duten “praktika onak” bilduta dauzkate, dozena bat, eta ikastetxe bakoitzean azaltzen dituzte. Batez ere ikastetxeko hainbat egoera komunikatibori erantzuteko prestatuta dituzte tresnak edo formatuak.
Arrakasta izan duen eta herriz herri zabaltzen ari diren formatua eskolako bilerena da. Ikasturte hasieran gurasoekin egiten zen bilerak bestelako itxura hartu du. Orain bi zati izaten ditu. Lehenengoa informazioa jasotzeko bilera izaten da, irakasleek eskainitakoa. Bilera bakarra egiten da, eta euskaraz. Aldibereko itzulpena eskaintzen da gaztelaniara. Bigarren zatian, gurasoak talde txikitan biltzen dira eta hainbat gairen inguruan hitz egiten dute. Hizkuntzaren kudeaketa libreagoa da zati horretan: talde batzuetan euskaraz egingo dute, besteren batean xuxurlaria erabiliko dute euskaraz ez dakienari itzultzeko, besteren batean gaztelaniaz egingo dute. Talde txikien helburua hainbat jatorritako gurasoak elkar ezagutzea eta harremanak estutzea da.
Erreportaje osoa Argia.eus webgunean irakur daiteke.