«Zegaman postu batean pentsatzea oso zaila da»
Aritz Egeak (Urretxu, 1984) lau orduren bueltan egin nahi ditu 42,195 kilometroak. Halere, lasterketa azkarra aurreikusi du eta aurreko postuak garesti egongo direla uste du. Errekorra egiteko aukera dagoela dio.
Aritz Egeak hamargarrenez hartuko du parte Zegama-Aizkorriko maratoian. Beterano baten ikuspegitik erantzun ditu galderak. Halere, hasiberri baten ilusioarekin abiatuko da igandean.
Zein helbururekin abiatuko zara?
Lehengo gauza, gozatzea, beti bezala. Urtero ateratzen gara gozatzeko helburuarekin. Gainera, oso-oso gogotsu nago, orain artekoan dena oso ondo joan delako. Tira, azken egunetan piska bat gaixo ibili naiz; ez dakit urduritasunak edo zer izan diren. Baina, itxuraz, dena ondo.
Posturik badaukazu buruan?
Zegaman postu batean pentsatzea oso zaila da. Kanpotik jende asko eta ona dator eta bakoitzak bere maila dauka eta maila horrek ematen dio posizioa. Ez da horren erreza.
Eta jaitsi nahiko zenukeen denbora mugarik badaukazu?
Gustatuko litzaidake, berriz ere, lau orduren buelta horretan bukatzea. Aurten 40 urte egin ditut eta lau orduren inguruan ibiltzea ez da gutxi.
Lasterketa azkarra izango dela aurreikusten duzu?
Aurreneko postuetan bukatuko duen jende hori oso-oso azkar aterako da eta, pentsatzen dut, errekorra egiteko modua izango dela aurten. Eguraldia ere horretarako aproposa dago aurreikusita.
«Zegamako onena ikusleak dira, dudarik gabe. Lasterketa honen %90 dira»
Azken egunetako euriek ez dute ibilbidea lokaztuko?
Behintzat etxe inguruan, tokatzen dena baino lokatz gutxiago dago egin duen euria ikusita. Ez dakit nola egongo den Zegaman, baina ni harrituta nago. Dena dela, Euskal Herrian ohituta gaude lokatza izatera.
Lehen euskal herritarra izan zinen iaz, 19. postuan, 4.05.18ko denborarekin. Bertakoentzako tokirik ez dago aurrerago?
Lehen hamarren artean norbaitek bukatu dezake, baina oso-oso zaila da. Iaz 19. egiteko balio izan zidan denborarekin duela urte batzuk lehen bosten artean bukatzeko nahikoa zen.
Munduko korrikalari onenak etxe alboan izateak mendi lasterketei zer onura dakarkie goierritar baten ikuspegitik?
Turismo eta oihartzun mediatikoa neurtuz gero, onura handia da. Zegama mundu osoan da ezaguna. Baina horrek albo-kalte batzuk ere baditu, adibidez, geroz eta zailagoa dela dortsal bat lortzea.Eskari handi handia dago eta korritu nahi duen jendearen zati txiki batek lehiatzen du.
Zer da Zegamako onena?
Ikusleak, dudarik gabe. Lasterketa honen %90 zaleak dira.
Zegama esandakoan zer datorkizu burura?
Hotzikara moduko bat. Zegamarekin badaukat amodio-gorroto sentsazio bat…
«Oso-oso gogotsu nago, orain artekoan dena oso ondo joan delako»
Zer gehiago? Amodioa ala gorrotoa?
Amodioa. Mendi lasterkaria banaiz, Zegama-Aizkorrigatik da. Urtero egin beharreko lasterketa da. Egutegia diseinatzen hasterako, badakit Zegama lehiatuko dudala. Baina aste hau txar samarra izaten da, urduritasunak eta bat beste…
Lehen aldia duen bati zein gomendio emango zenioke?
Gozatu dezala. Hori bakarrik. Denboretan eta pentsatzen hasten bada sekulako zaplaztekoa har dezakezu eta askoz hobe da gozatzea. Zaleak, paisaia, aurkariak… halako zerbait bizitzeko aukera bakarra izan daiteke.
Eta indarrak errekuperatzeko zer gomendatuko zenioke?
Nahiko klasikoa nahiz zentzu horretan. Urtero, babarrunak bazkaltzen ditut egun horretan Zegamako lagun batzuekin. Egia da, geroz eta profesionalizatuago dagoela mendi lasterketen mundua eta asko zaintzen direla horrelako detaileak, baina normaltasunez bizitzea gomendatuko nuke. Lasaitu, ospatu, garagardo batzuk hartu eta ondo pasatu.