«Iazko lasterketa egunetik badakit indartsu itzuli nahi dudala»
Daniela Oemusek (Jena, Alemania, 1989) ondo gogoan du iazko lasterketa: ez soilik irabazi egin zuelako, bizitako guztiagatik. «Berriro esperimentatu nahi dut», nabarmendu du.
Aitonak animatuta hasi zen korrika egiten Oemus, 13 urterekin. Pistan lehiatu zituen lehen lasterketak, baina ikastera etxetik kanpo joan zenean trail mundua ezagutu zuen. Urtez urte, geroz eta lorpen handiagoak erdietsi ditu, harik eta iaz Zegama-Aizkorri maratoia poltsikoratu zuen arte. Bera ere ezustean harrapatu zuen garaipenak, hilabete batzuk lehenago ama izan zelako bigarrenez eta ogibidez osasun arloan egiten duelako lan.
Zein helbururekin etorriko zara aurten Zegamara?
Iazko lasterketa oso egun berezia izan zen, eta ez zen izan irabaztea lortu nuelako, baizik herri txiki horretako alde guztietan senti dezakezun zirraragatik. Jende guztiak zarata egiten du ibilbidean zehar. Horri iazko baldintzak gehitzen badizkiogu, epikoak izan zen. Hainbeste euri, lokatza, haize bortitza… Berriro esperimentatu nahi dut.
Iazko Zegama-Aizkorri irabazteak presio handiagoa egiten dizu? Faborito ikusten zara?
Presio gehiago sentitzen dut, bai. Agian nik neure buruari jartzen diodan zamagatik besterik ez da. Izan ere, iazko lasterketa egunetik badakit indartsu itzuli nahi dudala.
Iaz 4.31.54ko denbora lortu zenuen. Baldintza klimatologikoengatik ibilbidea osorik egin ez zenez ez du balio ofizialik, baina oso marka ona da. Aurtengorako badaukazu denbora mugarik ezarria?
Zegamako denborak baldintzekiko oso mendekoak dira, eta denbora hobeagoa edo txarragoa egiteak ez du lotura zuzena sailkapenean lortutako postuarekin. Uste dut Zegaman denborak ez duela horrenbesterako garrantzia.
«Atleta guztiek egon nahi dugu bertan. Zer gehiago nahi duzue? Paregabea da»
Bi aldiz pentsatu gabe, zein da Zegama entzutean burura datorkizun lehenengo hitza?
Lokatza, ekaitza eta euria.
Zure ustez, zer da onena Zegama-Aizkorri maratoian? Antolakuntza, boluntarioen sarea, zaleak, paisaia…
Aipatu dituzun gauza guztiek egiten dute lasterketa perfektua. Lasterketa ez litzateke berdina mendiko paisaiarik gabe; baina ezta ere zale ugarien animorik gabe, boluntarioen laguntzarik gabe, ibilbidearen gogortasunik gabe…
Zer hobetuko zenuke?
Geratu dadila dagoen bezala. Ez egin asmakizun arraroak, ez kopiatu beste lasterketak… Zegama-Aizkorri oso hitzordu garrantzitsua da eta mundu osoan lehiatzen garen atleta guztiek egon nahi dugu bertan. Zer gehiago nahi duzue? Handitu daiteke gehiago? Ekitaldi paregabea da. Antolakuntzak, boluntarioek, zaleek… dena ematen dute. Eta, justu, horrexek egiten du atmosfera berezia.
Gomendatuko zenioke Alemaniako mendi korrikalari bati Zegamara etortzea?
Bai, noski. Korrikalari bakoitzak gutxienez behin lehiatu behar duen lasterketa da.
Zein aholku emango zenioke lehen aldia duen bati?
Prestatu dadila lokatzetarako eta jaitsiera luzeetarako.
«Korrikalari bakoitzak gutxienez behin lehiatu behar duen lasterketa da»
Maratoiaz gain, egon zara inoiz Zegaman?
Iazko lasterketa izan da nire bisita bakarra orain arte.
Gustatuko litzaizuke Aizkorritik lasterketaren estutasunik gabe txango bat egitea?
Bai. Aizkorriko paisaia magikoa da eta gozatu nahiko nuke. Azkenerako, lasterketa egunean zaila izaten da paisaiaz gozatzea.
Nola ospatu zenuen iazko garaipena?
Aitortu behar dut ez nuela ospatu. Lasterketaren biharamunean gaixotu nintzen. Horrenbeste euri, haizea… Gainera, garaipenak nire herrialdean interes handia sortu zuen, eta kazetarien dei mordoa izan nuen. Telebistan ere elkarrizketatu ninduten, pentsa. Eta, hau dena gutxi balitz, Zegaman lortutako garaipenari esker Munduko Mendi eta Trailrun Txapelketetarako txartela lortu nuen. Lasterketa batetik bestera ez zen hilabete ere egon. Beraz, ez nuen denbora askorik izan munduko txapelketa prestatzeko eta, gutxiago, garaipena ospatzeko.
Non gorde duzu txapela?
Egongelako horman zintzilik dago.