Etxebizitza Sindikatuak familia bat etxegabetze arriskuan dagoela ohartarazi du
"Banketxeen irabaziei aurre egin eta pertsona guztiontzako doako etxebizitzaren alde antolatzea eta borrokatzea da alternatiba bakarra, bankarien alde jarduten duten politikari profesionalen eraginetik kanpo", esan dute.
Goierriko Etxebizitza Sindikatuak Beasaingo familia bat etxegabetze arriskuan dagoela abisatu du. Kontatu dutenez, familia hau alokairuan bizi da; baina jabeari Laboral Kutxak etxea enbargatu dio eta, ondorioz, nahiz eta bankuarekin harreman zuzenik edo zorrik ez izan, kalean gelditzeko arriskua dute. Gainera, euren egoera ekonomikoagatik, ez dute orain arteko alokairu baldintza berdintsuak izan ditzakeen alternatibarik.
Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egin du Beasaingo kioskoan, familiari babesa adierazteko eta banketxeen diru-gosea salatzeko.”Laboral Kutxaren esku zegoen bertan bizi den familiari alokairu kontratua berritzea, baina ez, nahiago izan dute jada bertan zeudenak kalera bota, eta irabazi gehiago eskuratu, erosle onenari etxea salduz edo alokairu garestiago bat ezarriz”, gaitzetsi dute. “Azpimarratzekoa da, etxebizitza pertsona guztiontzako oinarrizko eskubide bat bada ere, tamalez, banketxeen eta bestelako jabe handien interesen menpe dagoela. Etxegabetu egiten gaituzte hipoteka edo alokairua ordaindu ezin dugunean, horiek guztiak hustu eta beste familia baten kontura negozioa egiten jarraitzeko”, gaineratu dute. “Banketxeen irabaziei aurre egin eta pertsona guztiontzako doako etxebizitzaren alde antolatzea eta borrokatzea da alternatiba bakarra, bankarien alde jarduten duten politikari profesionalen eraginetik kanpo”.
Agintarien, epaileen eta, orokorrean, sistemaren aurka ere egin dute. Deitoratu dute epaitegiek “filtro burokratikoak” erabili dituztela “baliabide gutxien dituzten familiak etxebizitzetatik kanporatu, eta horiek jabe handien esku uzteko”. “Bizi garen gizarte ereduan, pertsona guztion etxebizitzarako sarbidea bermatu ordez, etxebizitzaren negozioa babesten da”.