«Geroz eta sentsibilizazio handiagoa dago»
Izaskun Malkorra Zegama-Aizkorriko Ingurumena taldeko arduradunak dio euren lana «gehiago» baloratzen eta eskertzen dela. Ikusleen eta korrikalarien laguntza ere handitzen ari da
Garbitzaileen lana oharkabean pasa daiteke sarri, nahiz eta edonori gustatu inguruak garbi edukitzea. Hala, Izaskun Malkorra Zegama-Aizkorriko Ingurumena taldeko arduradunak esan du euren lana «geroz eta gehiago» eskertzen eta baloratzen dela. Ingurumenarekiko «geroz eta sentsibilizazio gehiago» dagoelako uste du gertatzen dela hori. «Denetarik dago, baina ikusleek normalean kolaboratzen dute eta saiatzen dira zaborrik ez sortzen eta sortutakoa behar bezala bereizten».
Korrikalaria ere ondo portatzen direla ebatzi du. Handik eta hemendik pisua askatu nahian ibili arren, geroz eta barneratuago dute arinago joateko denak ez duela balio edo zakarrak ezin direla edonola bota. Gainera, mendian kirola egiten duenak, normalean, ingurunearekiko errespetu handia izaten du eta bere lorratza ahalik eta txikiena izaten saiatzen da. Hala jaso zuen, behintzat, Nazioarteko Trail Running Elkartearen 2022ko txosten batek.
Ikusleek badakite zaborrik ez dela bota behar eta kolaboratzen dute
Jornetek gainerako korrikalariei gonbita egin die eurek ere ez dezaten zikinik sortu
Ingurumenarekiko kontzientzia handia duen korrikalarien adibideetako bat Kilian Jornet da. Historiako korrikalari onenak, bere fundazioaren bidez, lorratz ekologikoa txikitzeko hainbat neurri hartu zituen urte batzuk atera, eta gainerako korrikalariei ere berdin jokatzeko gonbita egin zien: bizimodu jasangarriagoa izateko soilik beharrezkoa den kasuetan bidaiatzeko konpromisoa hartu zuen, «niretzat esanahi garrantzitsua duten lasterketa eta proiektuetarako bakarrik»; arropei ahalik eta erabilera gehien emateko autua egin zuen eta berarekin kolaboratzen duten markei sortzen duten lorratz ekologikoaren inguruan hausnartzeko eskatu zien; edota begetarianismoaren alde egin zuen, haragi-ekoizpen masiboak sortzen duen C02 kopurua txikitzeko. «Jornetena bezalako mezuak oso lagungarriak dira guretzat, sekulako irismena eta eragina duelako», azpimarratu du Malkorrak.
Zegama-Aizkorriko boluntarioek ere ernaldu nahi dute kontzientzia berdearen hazia etorkizuneko belaunaldien artean. Hala, iaz ekimen berri bat hasi zuten, aurten jarraipena eman diotena: eskoletan hitzaldiak eman dituzte mendiak zaintzearen garrantziaren inguruan. «Hortik saiatzen gara gure lana martxan jartzen».