BOLUNTARIOAK. Mendia etxea bezain garbi
Zegama-Aizkorriren lorratz ekologikoa ahalik eta txikiena izateko helburuarekin hogei bat boluntariok ibilbideko 42 kilometroak goitik behera garbitzen dituzte. Aurretiazko lanek ondorenak bezainbesteko garrantzia dutela sinistuta, prebentzio-lanak ere egiten dituzte.
Festara edonor animatzen da, baina biharamunean garbiketa lanak egitera joatea gehiago kostatzen da. Bereziko lana da, ordea. Zegama inguruak eta Aizkorriko parajeak lasterketaren ostean garbitu ezean, hauen edertasuna eta aberastasuna galdu egingo litzateke eta, ondorioz, kirol probak zein gizarteak galdu egingo luke. Zegama-Aizkorriko Ingurumena ataleko hogei laguneko boluntario taldeak asteburu osoan egiten du lan bazterrak garbi mantentzeko.
Izaskun Malkorra da kideetako bat. Kontatu du, lasterketaren ostean garbiketa-lanak egitea baino hobe dela prebentzioa lantzea. «Garrantzitsua ikusten dugu aurretiko lan hori, jendea ohartaraztea», esan du.
Gomendatu du zaborrik ez sortzea: plastikozko botilak erabili beharrean kantinplorak hobetsi, erabilera gehiago dutelako; berdin, ogitartekoak biltzeko aluminiozko-paperarekin. Hobe zakote-ontzioak erabiltzea. «Ikusleek zabor gutxiago botatzen badute, mendiak garbi mantentzea errazagoa da».
Zaborrik sortu baldin bada, lurrera bota beharrean jaso eta, aukera dagoenean, behar bezala bereizteko eskatu du, gero birziklatu ahal izateko. Ideia hau barneratu dadin, lasterketaren biharamunean hasten dira lanean: larunbatean Zegaman zale asko elkartzen dela baliatuta, mendian nola jokatu adierazteko postu bat jartzen dute; igandean ere jarraipena ematen diote lanari. Korrikalariak pasa aurretik boluntarioak jende gehien pilatzen den puntuetan –Santi Spiritun, Aizkorriko tontorrean eta Andraitzen– banatzen dira, jendeari garaiz abisatzeko. Herrian ere egoten da beste talde bat, irteeran eta helmugan jende asko elkartzen delako.
Taldeka ibilbide guztiari errepaso
Eta, zaborrik ez dela geldituko bermatzeko, korrikalariak pasa ostean ibilbideko 42 kilometroak errepasatzen dituzte taldeetan banatuta. «Egia esanda, beti aurkitzen ditugu zaborrak. Material organikoa, bereziki: fruta azala, fruitu lehorrenak… Jendeak uste du konpostagarria izanda ez duela kalterik egiten, baina berdin zikintzen dute». Atera kontuak: platano azalak astebete baino gehiago behar du erabat usteltzeko; laranja azalak, urte erdi; eta material ez organikoek, urteak behar dituzte.
«Ikusleek zabor gutxiago botatzen badute, mendiak garbi mantentzea errazagoa da»
«Guk mendia garbitzen dugunean ez ditugu soilik lasterketako eguneko zaborrak jasotzen, urtean zehar pilatu den guztia baizik»
Izaskun Malkorra. Zegama-Aizkorriko Ingurumen taldeko kidea
«Jende asko egoten garenez, zabor asko pilatzen da», adierazi du Malkorrak. Kopuru zehatza esatea zaila zaio, ordea, testuinguruak asko baldintzatzen duelako: iaz, eguraldi txarra egin zuenez, jende gutxiago igo zen mendira eta denbora gutxiago egin zuen goian. Hortaz, zabor gutxiago bildu zuten duela bi urte baino. 2022an, eguraldia lagun, jendetza bildu zen garaiaren eta kiloka zabor bildu zuten boluntarioek. Pilatutakoari argazkiak ateratzen dizkiote, guztiek ikus dezaten bildutakoa zenbaterainokoa den eta Zegaman eta Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) bereizi egiten dituzte, birziklatu ahal izateko. «Guk mendia garbitzen dugunean ez ditugu soilik lasterketako eguneko zaborrak jasotzen, urtean zehar pilatu den guztia baizik. Aurkitu izan ditugu zapatilak eta horrelakoak», oroitu du. «Gure lanaren ona da eragina lasterketa-egunetik harago doala».
Dena ez da ikusten
Malkorrak ohartarazi du argazkietan jasotzen dena baino lorratz ekologiko handiagoa sortzen duela lasterketak, zaleen animoek eragiten duten kutsadura akustikoa ere badagoelako. Hor ikusten du hobetzeko puntuetako bat: «Badakigu lasterketa guztian zarata handia sortzen dela, baina hori ekiditea oso zaila da. Hemen ere egiten ditugu prebentzio-lanak, baina zaila da».
Beste puntu bat autoen erabilera da. Zegamara Euskal Herri osoko eta atzerriko zale eta korrikalariak gerturatzen dira, gehienak garraio pribatuan, nahiz eta lasterketaren egunerako garraio publikoaren eskaintza indartu egiten den. Gainerako eragileen kolaborazioa ere eskatu du boluntarioak, Zegamako tren-geraleku zaharra ireki nahi baitzuten okasiorako baina ez diete baimenik eman.
Ingurumeneko boluntarioen taldea, gaztetzen
Odol-berritzen ari da Zegama-Aizkorriko Ingurumen taldea. Azken urteetan jende berria hasi da eta egun, hogei bat lagun dira, Euskal Herrikoak zein kanpokoak. Generoari dagokionez, parekidea da.
Ingurumenaren aldeko kontzientziak bultzatuta hasten da jendea, bereziki. “Nire kasuan, adibidez, nire aitaren bidez hasi nintzen. Bertako kidea zen”, hasi da gogoratzen Izaskun Malkorra, Zegama-Aizkorriko Ingurumena taldeko arduraduna. “Atzetik, kuadrillakoak etorri ziren, funtzioak erakarrita. Ingurumen taldean sartzen diren gehienek ingurumenarekiko kontzientzia handia dute eta ikusten dute gure lanak duen garrantzia”.
Zegama Aizkorriko Ingurumen ataldeko boluntarioek Euskal Herriko Mendi Federazioarekin batera helarazitako bost jokabide egoki.
1. Zaborra gorde. Hondakinei bigarren bizia eman ahal izateko aurrena ondo berizi behar da. Horretarako, edukiontzi egokira bota behar da. Aurrean eduki arte, zaborra jaso.
2. Animaliak ez molestatu. Mendia animalien egonlekua da, basatiak edo etxekotuak izan. Zaratak edo ukitu nahi izateak estresatu egiten dituenez, bakean utzi behar dira.
3. Utzi landareak bakean. Flora mendiaren parte da. Zapalduz, moztuz edo errotik ateraz gero, kalte handia sor dezake. Horregatik, markatutako bideetatik ez atera.
4. Seinaleak errespetatu. Mendian jarritako oharrak propio jarrita daude. Ez errespetatzeak arriskuan jar dezake norbera eta ingurukoak. Kasu egin oharrei.
5. Garraio publikoa erabili. Ikusle bakoitza bere auto pribatuan ibiliko balitz, kolapsatu egingo liratezke errepideak eta mendiko pistak. Garraio publikoa erabilita isuriak ere gutxitu egiten dira.