Julianaren errezetak gozagarri
Ataunen 1960ko hamarkadan herriko emakumeei sukaldaritza ikastaroak eman zizkien Juliana Arratibelen errezetak bildu ditu Zeles Etxeberriak. Ataunikerrek liburua atera du.
Egunerokorako lezio xumeak ziren haiek, 60 urteren buruan altxor antropologiko dira. Sutondoaren xarma, sukalde-errezetak 1964-1965 liburua da horren adibide. Ataunen herenegun aurkeztu zuen Atauniker elkarteak. Juliana Arratibel Dorronsoro ataundar sukaldariak herriko neskentzat eta emakumeentzat antolatu zituen kurtsoetako errezetak berreskuratu dituzte, 144 guztira, eta liburuan argitaratu.
Zeles Etxeberria Aizpurua ataundarra da liburuaren egilea, arreba batek gordeta zeuzkan errezeta zaharrak ikusita hasita. Lau urteko lana da. Errezeta-orriak bildu, atondu, edukia antolatu eta digitalizatu ditu. Ondare hori Ataunikerren esku utzi du, eta berriro herriratzea merezi zuela iritzita, liburua kalean da. Jaurlaritzaren Hazi fundazioaren diru laguntza jaso dute.
Euskaratzeko eta testuak orrazteko, Jexux Munduate filologo ataundarrak lagundu die.
Oroimena bizi-bizirik
Juliana Arratibelekin sukaldean ikasitako herritar ugari izan da aurkezpenean. Ikasten ibili ziren guztiak emakumeak dira. 1964-1966 bitartean, hiruzpalau ikastaro eman zituen, aldiko hamar-bat ikaslerekin. Arratibelek bere etxean ematen zituen klaseak, San Martingo Elizalde edo Medikutxikienea etxean. Euskaraz izaten ziren, nahiz errezetak gero erdaraz diktatzen zituen.
Urbitarteko Joaquina Etxeberria izan zen ikasle haietako bat. Josten ikasten ari zen, eta amak sukaldean ere ikastera bidali zuen Julianarengana. «Nire ama ere joaten zen klaseetara; hura bazkalondoan, eta ni 19:30erako. Bi txanda egiten zituen, beraz. 1964ko azarotik 1965eko apirilera bitartean ibili nintzen, astean bi aldiz. Ekonomikan egiten zen dena. Nire kutunak postreak ziren; sagarrarenak asko gustatzen zaizkit», kontatu du Joaquina Etxeberriak.
«Nire ama ere joaten zen klaseetara; hura bazkalondoan, eta ni 19:30erako. Bi txanda egiten zituen»
Joaquina Etxeberria. Juanita Arratibelen ikasle izana
Pilar Arrondo Etxeberriaundikoa ere ibili zen. Zumarragan moja dago gaur egun, eta 56 urte darama Ataundik kanpora. Aurkezpenera ez du hutsik egin nahi izan. «Gustura joaten nintzen sukaldeko klaseetara, eta gustura etortzen naiz Ataunera. Egun bakoitzean prestatutako errezeta eta produktuak zotz egiten zituen, eta etxera eramaten zituen batek. Denei tokatu arte, kanpoan uzten zituen haiek gero».
Ikasle izan zirenen 14 izen bildu ditu Ataunikerrek –bizi direnak–. Aurkezpenean beste seiren berri ere atera zuen jendeak.
Osagai gutxiko errezetak
Zeles Etxeberriak, liburua atontzeak eskatu dion lan eskerga azaldu du. Julianak prosak idatzitakotik, osagaiak eta egite-prozedura bereizi ditu. Baina jatorrizko kontakera, egitura eta jarioa errespetatuta. Euskaratu egin dute, hori bai. Errezeten ezaugarri bat zera da, oso osagai gutxirekin goxatuak direla.
«Egun bakoitzean prestatutako errezeta eta produktuak zotz egiten zituen, eta etxera eramaten zituen batek.
Pilar Arrondo. Juanita Arratibelen ikasle izana
Argazkiekin hornitu du errezeta bakoitza. Ataundarrek, errezeta etxean egin eta platerari ateratako argazkiak dira. Bakoitzaren izena ageri da barrenean»
144 errezetaren tartean, otarraina amerikar erara iruditu zaio bitxiena, landuena eta konplexuena. Azken postuan jarri du, Julianaren omenez. Etxeberriak berak egindako esnegainezko pastak banatu ditu bukaeran. Errezeta eskura zeukan.
Aurkezpenera joandakoek liburuaren ale bana jaso dute, eta gainerako herritarrek ere izango dute aukera. Atauniker auzorik auzo ibiliko da, eta etxe bakoitzak liburu bana edukitzeko asmoa agertu du. 500 aleko tirada argitaratu dute. Doan emango dituzte.
Datorren asteartean eta asteazkenean, batetik, Atsedentoki elkartean egongo dira liburuak ematen. Bestetik, San Martinen, San Gregorion, Ergoenean eta Aian egongo dira; egutegi eta ordutegi zehatza ez dute oraindik jakinarazi. Etxe bakoitzaren izena jasoko dute, kontrol bat eramateko.
Lehen unetik egundoko jakin-mina piztu du Sutondoaren xarma liburuak. Herenegun, Atsedentokian ziren aurkezpena egitekoak, baina aretoa segituan bete zen, eta kanpoan geratu ziren asko. Herri Antzokira aldatu behar izan zuten aurkezlekua.
Juliana Arratibelen iloba Mari Karmen eta familiakoak han izan ziren. Hunkituta, bihotzez eskertu du izebaren omenez eginiko lana eta ekitaldirako joandako denen arreta.