JUNIOR TRAILA. Ez dago leku gehiago
Junior trailean 150 gazte lehiatuko dira. Inoiz baino gehiago da hori. Dortsal guztiak esleitu dira bi txandatan; lehen aldia da hori.
Mendi lasterketek etorkizun oparoa dute. Bai behintzat partaideen aldetik. Zegamako Junior trailean inoiz baino korrikalari gehiago lehiatuko dira: 150. Are, maximoa da hori. Antolatzaileek ehun dortsal jarri zituzten eskura hasieran baina, denak banatu zirela ikusita, beste 50 kaleratu zituzten eta horiek ere badute jabea.
Heren bat euskal herritarrak izango dira. Hamaika izango dira goierritarrak: Ane Iparragirre segurarra, Lizar eta Oihan Etxeberria eta Jon Urkizu idiazabaldarrak, Ayoub Hssine ordiziarra, Martin Iraola legorretarra, Martin Maiora ormaiztegiarra, Iker Sanchez beasaindarra eta Xabier Barandiaran, Azeddine Elhamidi eta Ugutz Sudupe zegamarrak. Herrialde Katalanetatik ere ordezkaritza zabala etorriko da (57). Denen buru, Gabriela Lasalle, iazko garailea. Nabarmentzekoa da, atzerritarren artean Espainiatik, Portugaldik, Norvegiatik eta Okzitaniatik ere etorriko direla korrikalari gazteak. Baita ere ozeanoaren bestadetik. Joan Mateo Castro korrilari kolonbiarra Zegamako ireera marran izango da.
Next Gen zirkuitua
Salomon etxearen Next Gen zirkuituko lehen proba izango da. Gazteen artean kirol modalitate hau sustatzeko ekimena da eta, era berean, kiroltasuna, naturarekiko errespetua eta bizi ohitura osasuntsuak bultzatzeko helburua du.
Aurretik estiloko saiakera batzuk egin bazituzten ere, bigarren edizioa du aurtengoa. Zirkuituak hiru proba izango ditu eta lehendabizikoa Zegamakoa izango da. Euskal Herriko proba bakarra da.
Proba guztietan lortutako postuen arabera ebatziko da nor izango den zirkuituko garailea. Iaz Lluis Pigvert eta Gabriela Lasalle kataluniarrak izan ziren garaileak. Biak izango dira Zegamako irteera marran. Pasa den urtean podiumean bukatu zuen Markel Barrio euskal herritarra ere irtengo da.
Junior-traila 2024
Fitxa teknikoa
- Eguna: 2023ko maiatzaren 14a.
- Irteera-helmuga: Plaza.
- Irteera ordua: 10:30.
- Distantzia: 10,4 kilometro.
- Desnibel metatua: 505 metro.
- Gehieneko altuera: 735 metro.
Iazko garaileak
- Lluis Puigvert 46.20
- Gabriela Lasalle 51.44