MENDI MARATOIA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Lide Urrestarazu eta Adur Mujika ordiziarrek lehen aldiz parte hartuko dute maratoian. Martin Diez segurarra bosgarrenaren bila doa, eta Jose Luis Perez 'Kalderete' zegamarrak zikloa itxi nahi du. Nahi eta helburu ezberdinak dituzte.
Lide Urrestarazu mendi korrikalari ordiziarra. Antton Guarest Korrikalari denek ez dituzte helburu berberak izaten lasterketa bat erronka modura jartzen dutenean. Ilusioa, gozatzea eta ahalik eta sentsazio onenekin bukatzea dira kirolari gehienek ahotan darabiltzatzen hitzak. Iazko giro makurraren ondotik, giro ona eskatzen dute aurtengo.
LIDE URRESTARAZU (ORDIZIA)
«Nire lehenengo maratoia izango da, eta ilusio bereziarekin nago»
Aparteko prestaketarik ez da egiten ari, baina bai sekula baino kilometro gehiago. Korrikarako giro freskoa eta lokatza gustuko ditu, baina ikusleen azalean jarrita, giro ona eskatu du, bero handia egiten ez duen bitartean.
MARTIN DIEZ VIRTO (SEGURA)
«Ea aurten betiko ibilbidean zer denbora ateratzen den»
Ez da lasterketa askotan lehiatu zalea segurarra: urtarrilean Garinen izan zen, otsailean Ordizian, martxoan selekzioarekin Espainiako txapelketan Murtzian, eta apirilean Gabiriako Leharrein. «Ez dut aitzakiarik behar entrenatzera ateratzeko, asko gustatzen zait. Nahiago dut entrenatu lasterketetan ibiltzea baino».
Iazko giro traketsarekin «ondo pasatu» zuela dio, baina aurtengo «giro ona nahiago» du. «Fresko baina lehor egin dezala, baita mendira joaten den jendearentzat ere. Eguna politago geratzen da eguraldi onarekin».
ADUR MUJIKA (ORDIZIA)
«Apuntatzeagatik apuntatu nintzen, eta aurrenekoan, barrura!»
Otsailean Transgrancanaria egin zuen, eta uztailean G2H egingo du. Azken asteetan Aizkorri inguruan dabil entrenatzen: «Karrera bezala oso gogorra iruditzen zait, exijentea da. Urte asko dira ez naizela ikustera joan, baina giro hori ez dago inon, eta giro horrekin disfrutatu nahiko nuke. Hori da helburua. Ahal den onena egitera joango naiz, baina helburua gozatzea da, ateratzen dena ateratzen dela, erotu gabe».
JOSE LUIS PEREZ ‘KALDERETE’ (ZEGAMA)
«Beti hori esaten dugu, eta nire nahia hori da, aurtengoa azkena izatea»
Mendizalea izan da betidanik, ehizan ere aritzen da, eta adinaren eskarmentua ere badu. «Bakarrik aterako naizenez entrenamendu gogorxeagoak egiten ari naiz orain. Hor nabil, serie batzuk egiten, eta gustura antzean. Pena izango litzateke aurten ez bukatzea».













