Naiara Irigoien, berriz ere
Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikala Naiara Irigoien nafarrak irabazi du. Ainhoa Sanz urretxuarrak podiumean sartzea lortu du. Gizonezkoetan, Omi Ryunosuke japoniarra izan da azkarrena. Gazte mailan, Angulo eta de Bilbao.
Naiara Irigoien nafarrak irabazi du Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikala, bigarren urtez jarraian. 44.03 behar izan du Irauleko tontorrera igotzeko; Laia Montoya kataluniarrak 39 segundo gehiago behar izan ditu eta Ainhoa Sanz urretxuarrak 46 minutu borobiletan gelditu du kronometroa. Iaz podiumak segundo gutxigatik egin zion ihes baina aurten lortu du hiru onenen artean sartzea.
Irigoienek GOIERRIKO HITZAri Zegama-Aizkorri gehigarrian esan zion maratoia hobetsi duela aurten eta kilometro bertikal gutxi lehiatu dituela. Ez du askorik behar, dena den. Europako txapelduna da eta Txindokiko Kilometro Bertikala ere irabazi zuen aurreko asteburuan. Justu, Sanzi hartu zion aurrea.
Goierritarren artean, Amaia Insausti idiazabaldarrak lortu du bigarren denborarik onena. 52.56an egin ditu 3 kilometroak. Sailkapen nagusian 20. egin du. Edurne Arakistain legorretarraren lana ere nabarmentzekoa: ordubetetik jaistea lortu du (57.28) eta lehen 25en barruan sartu da.
Gizonezkoen txapela, munduko beste puntara
Gizonezkoetan, Omi Ryunosuke japoniarra izan da garailea. 36 minutu eta 43 segundotan egin du Arriaunditik Iraulerako bidea, beste inork baino azkarrago. Iu Net kataluniarrak, beste behin, zilarrezko dominarekin konformatu beharko du. Iaz ere bigarren egin zuen, lau segundogatik, eta aurten hamazazpi atera dizkio Ryunosukek. Hirugarren, Jordi Bolet kataluniarrak egin du (37.34).
Aritz Unamuno bergararra izan da lehen euskal herritarra, bederatzigarren postuan, garailearengandik minutu eta erdira ia. Goierritarren artean, Josu Urrestarazu idiazabaldarra izan da onena. 41.14 behar izan du eta 25. postuan bukatu du orokorrean. Aner Arotzena eta Jon Ander Aranburu zumarragarrek osatu dute goierritarren podiuma.
Aurten, Euskal Mendizale Federazioko Kilometro Bertikalen Txapelketa ere izan da Zegamakoa. Irigoien eta Unamuno dira, hortaz, Euskal Herriko txapeldun berriak. Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Koparako puntuagarria ere izan da.
Gazte mailan, Ibai Angulo eta Alluitz de Bilbao
Gazteen Kilometro Bertikala ere jokatu da gaur arratsaldean. Ibai Angulo azpeitiarra eta Alluitz de Bilbao kortezubitarra izan dira garaileak. 36.26ko eta 47.42ko denborak egin dituzte, hurrenez hurren. Mutiletan, Ander Oiarbide segurarra izan da lehen goierritarra. 8. egin du. Emakumezkoetan, ez du inork parte hartu.