Sylvia Nordskarrek irabazi du Zegama-Aizkorriko maratoia
Lasterketa osoa buruan egin du norvegiarrak. Lehen txapela du. Lide Urrestarazu ordiziarrak lehen bosten artean bukatu du eta Malen Osa oñatiarra izan da lehen euskal herritarra
Sylvia Nordskar norvegiarrarentzat izan da 23. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. 4.29.12an osatu ditu 42 kilometroak. Theres Leboeufek eutsi dio hasieran, baina behin lasterketa burua hartu duenean inork ez dio itzalik egin. Lehen txapela du.
Malen Osa oñatiarrak egin du bigarren. Bera da, beraz, lehen euskal herritarra. Etxetik gertu zebilenez, bere zale asko zeuden mendi magaletan eta hauen babesa eskertu du helmuga marra pasatakoan. “Oso pozik” dagoela eta “pribilegiatua” dela esan du. Atzetik aurrerako lasterketa egin du; lasterketa erdian, adibidez, laugarren zioan. “Estutu egin dut aurreratzeko eta bukaera luze egin zait, baina lortu dut errentari eustea”. 20 segundo atera dizkio Marta Martinez hirugarren sailkatuari.
Lide Urrestarazu ordiziarra izan da Osak aurreratu duenetako bat. Sancti Spiritun bigarrena pasa da, lasterketa burutik bi minutura. Azkenean, bosgarren egin du. Nordskarrek baino zortzi minutu gehiago behar izan ditu.