Kilian Jornet, aurkaririk gabe
Kataluinarrak irabazi du 23. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta gaurkoarekin, hamaika txapel ditu. "Atleta bezala formatu nau eta nire ibilbidea ezin da ulertu Zegama gabe", esan du. Elhousine Elazzaquik eta Bartlomiej Przedwojewskik osatu dute podiuma. Aritz Egea izan da lehen goierritarra eta lehen euskal herritarra (13.)
Kilian Jornetek irabazi du 23. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Nagusitasun handiarekin egin du, gainera: hasi bezain pronto utzi ditu aurkari guztiak atzean eta helmugan 8 minutu atera dizkio Elhousine Elazzaqui bigarren sailkatuari. Eta marokoarrak ez du denbora txarra egin, baina Jornetek historiako bigarren lasterketarik azkarrena egin du. (3.38.07). Lasterketaren lehen erdian errekorreko denboretan ibili da baina azken kilometroetan ez du dena eman. Zaleak agurtuz sartu da helmugan.
Pozez zoratzen zegoen kataluniarra helmugako marra pasa berritan.”Amets bat da Zegama irabaztea, ametsik onena”, esan du. Lasterketa “izugarria” izan dela aitortu du eta zaleek bultzada eskertu du. “Hegan eraman naute”, kontatu du.
Hamaikagarren garaipena du Zegaman. Duela hamazazpi urte lortu zuen lehen txapela, 20 urterekin. Orduz geroztik, parte hartu duen ia guztietan izan da azkarrena. Errekorra ere berea da: 3.36.40, 2022an. “Zegama, Zegama da. Baina ni ere Zegama naiz. Atleta bezala formatu nau eta nire ibilbidea ezin da ulertu Zegama gabe”. Berriz utzuliko dela iradoki du: “Beti dut itzultzeko gogoa”.
Bigarren posturako lehia estua eta polita izan da. Segundo gutxiren artean sartu dira Elhiusine Elazzaqui, Bartlomiej Przedwojewski, Luca del Pero eta Manuel Merillas. Segida horretan sartu dira. Marokoarra lurtarren artean onena izan den arren, txapela lortu ezinik jarraitzen du. Duela bi urte, laugarren egin zuen eta iaz, bigarren. Bere marka hobetu du, dena den. Hamahiru korrikalari sartu dira lau orduren mugaren azpitik.
Pkmoi Matayangok, Marcin Kubicak, Alain Santamariak, Kevin Kibetek eta Valentin Marchonek osatu dute. Aritz Egea zumarragarra izan da lehen euskal herritarra, 13. postuan.
[Albistea eguneratzen ari gara]